Mundu osoko sukaldaritza eta jendea ezagutzeko aukera
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak ekimena abian jarri du kanpotik etorritako urretxuarrek eta bertan jaiotakoek elkar ezagutu dezaten eta, bide batez, herrialde ezberdinetako sukaldaritza ezagutu dezaten.Saioak larunbat goizetan...
Saioak larunbat goizetan izango dira. Lehen saioa larunbatean izan zen, Goierri elkartean. Ikastaroa Goierriko bazkideek eman zuten eta jatorri ezberdineko hamabost lagunek parte hartu zuten: Nikaragua, Kuba, Maroko, Kolonbia, Senegal, Ekuatore Ginea eta Euskal Herria.
Goierrin bertan elkartu ziren. Elkar agurtu eta menua aurkeztu ondoren, taldea erosketak egitera irten zen. Ondoren, bazkaria prestatu zuten eta nahi zuten guztiek bertan bazkaldu zuten.
Hurrengo bi saioetan ere euskal sukaldaritza landuko dute. Azaroaren 17an eta abenduaren 1ean elkartuko dira, Goierri elkartean. Euskal sukaldaritza ikastaroak arrakasta handia izan du eta itxaron zerrenda dago. Beste herrialdeetako saioetan parte hartzeko tokia dago oraindik. Gizarte zerbitzuetara jo behar da. Saio horiek urtarrila, otsaila eta martxoan izango dira.
Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak hitzaldi bat ere antolatu du. Bertan, atzerrian egindako ikasketak nola baliozkotu azalduko dute. Ekitaldia datorren asteartean izango da, 09:30ean, kultur etxean.
Gainera, Bizilagunak egitasmoari babesa eman diote. Egitasmo honen helburua jatorri ezberdineko bizilagunek elkarrekin bazkaltzea da. Azaroaren 11n egingo dute. Eta azaroaren 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean zurrumurruen aurkako eragile formazioa eskainiko dute. Gizarte Zerbitzuetan eman behar da izena, hilaren 17a baino lehen.