Igandera arte, 'Emakumearen presentzia XX. mendeko Beasaingo merkataritzan' erakusketa ikusgai egongo da Igartzako Burdinolan. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu dute.
Ondasun kulturalak sortzean, zaintzean eta transmisioan emakumeak izan duen eta duen eginkizuna ikusaraztea eta errekonozimendua egitea da
Emakumearen presentzia XX. mendeko Beasaingo merkataritzan erakusketaren helburua, «beste alderdi askotan bezala, ezkutatuta edo kontuan hartu gabe egon baita».
Honela, XX. mendeko Beasaingo Kale Nagusian kokatu dute erakusketa, «herriko merkatal gune nagusia izanik, errealitate osoaren isla» izan daitekeelako. 35 denden inguruko informazio biografikoa bildu dute, bertako langile emakumezkoak ardatz hartuta. «Ahalik eta kasu gehien biltzen saiatu bagara ere, zoritxarrez, ezin izan ditugu guztiak jaso».
Lan horretan laguntzaile izan dituzte «oraingo dendariak, dendari izandakoen senitarteko nahiz gertukoak eta Beasain Jaietan aldizkaria» besteak beste.