Sasieta Mankomunitatearen ordenantzak arau arinak, larriak eta oso larriak jasotzen ditu. Goierrin %75eko gaikako bilketa lortu da, «baina gutxiengo batek ez ditu oraindik hondakinak bereizten»
Sasieta Mankomunitateak kanpaina berria jarriko du abian, «birziklatzera zuzendutako hondakinen kalitatea batik bat edukiontzi marroian eta horian botatako hondakinen kalitatea hobetzeko» helburuarekin.
Ingurugiroak eskertzen dizu eta guk ere bai diptikoak banatu dituzte Goierriko etxeetan erabaki berriak jakinarazteko.
Sasietaren esanetan, «eskualdean, guztion lankidetzari esker, %75eko gaikako bilketa lortu da eta mankomunitateak, maila horretara iristeko lana egin duten herritarrei bere eskerrik beroena azaldu nahi die. Baina, gutxiengo baten jarrera onartezina» dela uste du: «Zoritxarrez, gutxiengo batek ez ditu oraindik hondakinak bereizten eta lurrean uzten ditu edukiontzien ondoan. Batzuk gainera zaborra nahasian botatzen dute birziklatzeko edukiontzietan, batez ere edukiontzi marroian eta horian, herritarren gehiengoak egiten duen lan txukuna alferrik galduz eta ingurumeneko hondamena eta ekonomikoa sortuz».
Hori dela eta, horrelako arau-hausteak ordenantzaren arabera zigortuko direla ohartarazi du Mankomunitateak. Iñaki Erauskin Sasietako zerbitzuburuaren esanetan, «Sasietak ikuskatzaile bat dauka edukiontziak egunero aztertzen dituena. Horrez gain, Udaltzaingoa ere badago herri desberdinetan». Sasietako ordenantzak, arau hauste arina denean, 90,10 euro bitarteko isuna jar daitekeela dio. «Gu erdia jartzen ari gara, 45 euro. Helburua ez da dirua biltzea, baizik eta jarrera txarrak zuzentzea». Arau hauste larriak (90,11 eta 450,49 euro bitarteko isuna) eta oso larriak (450,50 eta 45.000,00 euro bitartekoa) ere jasotzen ditu ordenantzak. Dagoeneko isunak jartzen hasi dira; oraingoz, 71 espediente tramitatu dituzte.
Gomendioak
Edukiontzi marroia txukun erabiltzen dutenentzako hiru gomendio ere zabaldu nahi dituzte. Batetik, materia organikoa poltsa konpostagarrietan sartzeko eta ez plastikozko poltsetan. Bestetik, pixoihalak edukiontzi marroian ez botatzeko. Eta iraungitako janaria edukiontzian bota behar izanez gero, lehendabizi bilgarria kentzeko.