Legazpiko Santikutz Xake elkarteko kideek denboraldiari ekin berri diote. Bikuña futbol zelaiaren barruan dagoen aurrez fabrikatutako etxola bat dute egoitza. Hamar bat kide dira taldean eta sei ikasle dituzte.
Legazpiko Santikutz Xake taldearen berri emateko Patxi Imaz (Segura, 1951) eta Roberto Vesga (Legazpi, 1974) elkartu ditu GOIERRIKO HITZAk Bikuña futbol zelaian daukaten egoitzan. Egindako lehenengo galdera berbera izan da bientzat: Nolatan sartu zitzaizun xakearen harra? Vesgak hartu du hitza, «10 bat urte nituela hasi nintzen Legazpin jolasten. Hasieratik oso joko interesgarria iruditu zitzaidan; partida bat jokatzeko oinarrizko arauak azkar ikas ditzakezu, baina sakonduz gero, xakea infinitua da». Imazen arrebak eta koinatuak apopiloak izan zituzten etxean, «haiei ikusi nien xakean jolasten eta liluratu egin nuen. Gerora galdu nion pista eta Maiatza tabernan txapelketa bat antolatu zutenean parte hartu nuen, hiru partida irabazi nituen segidan eta orduz geroztik ez dut utzi».
Vesga umea zela xake taldea egon zen Legazpin. Aitzitik, kirol minoritarioa da eta talde hartako gidarien heriotzarekin batera desagertu zen. «Tamalez, herri guztietan ez dago xake klubik», dio. Legazpiko Santikutz taldea orain hamaika urte inguru sortu zuten. Hala gogoratu du Imazek: «Hasieran Urretxuko Goierri taldearen barruan aritu ginen. Gustura geunden, baina Legazpiko taldeko kide batek udaletxeari diru laguntza eskatu ahal geniola, eta bertakoa taldea sortzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Egin genuen eskaera eta elkarte bihurtuz gero, egoitza ere emango zigutela esan ziguten». Hala egin zuten eta Bikuñako egoitza utzi zieten; «egun beste toki hobeagoren bat beharko genuke», erantsi du Imazek. Bigarren elkartearen eta lehenengoaren arteko tarteari «basamortu» deitu dio Vesgak, ez baitzen Legazpin xake talderik egon.
Imazek dioenez, «ez dago horren osoa den jokorik, horrenbeste ematen dizun jokorik, frogatuta dago ikasketa aroan lagungarria dela eta zahartzaroan ere memoriari eusten laguntzen diola. Ni baserritar jaio nintzen eta larre motzean ibilitakoa naiz, horrek gogortu egiten zaitu eta hobe da lehenbailehen gogortzea, hartara bizitza errazagoa egiten baitzaizu». Analogia egin du Imazek baserritar bizimoduaren gogortasunarekin eta xakeak erakusteko duen guztiarekin. Vesga psikologoa da ikasketaz eta hauxe dio xakeari buruz: «Joko sistemikoa da, pieza bakoitzak bere gabeziak eta gaitasunak ditu eta bizitzara eramanda, estrategiak, jaun eta jabe izatetik galtzaile izatera ziztuan pasa zaitezkeela eta halakoak erakusten dizkizu».
Xake eskola
Elkartearen bihotza eskola da, izan ere, xakearen harra transmititzea dute helburu. Gaur-gaurkoz sei ikasle dituzte eta monitore bat. Eskolak astelehenetan eta asteazkenetan egiten dituzte. Jokalariek, trebatu ahala, jardunaldietan eta lehiaketatan parte hartzen dute. Orain, denboraldia hasi berri da, eta hainbat hitzordu dituzte. Udazkena partida luzeen aroa da, lehiaketa indibidualen sasoia. Taldeak bi pertsona ditu Gipuzkoako hirugarren mailako txapelketan eta beste bi bigarren mailakoan. Urtarrilean taldekako txapelketak hasiko dira. Uda partean herrietako jaietako lehiaketetan ere parte hartzen dute. Santikutz jaietan antolatzen dute txapelketa eta 50 bat lagun elkartzen dira; «elkar ezagutzeko aitzakia itzela da bertakoak eta kanpotik datozenak elkartzen garelako», dio Imazek.
Vesgaren semea, Markel, punta-puntan dabil. «Sakelakoaren pantailatik nola aldendu ez dakigu askotan eta gero lau orduz xakean aritzen dela ikusteak sekulako poza ematen digu». Xakea semearekin partekatzen duen lurraldea bihurtu da aitarentzat eta lurralde horren magia beti zer ikasia dagoela da.