Zumarragako industrialdeak kalitatearen Q bereizgarria jaso du
Enpresa guneen kudeaketako Europa mailako bereizgarria jaso duen Gipuzkoako lehen industrialdea da. Enpresa elkarteak 150 baldintza baino gehiago bete behar izan dituZumarragako Argixao industrialdeak enpresa guneen kudeaketako Europa mailako kalitatea...
Enpresa guneen kudeaketako Europa mailako bereizgarria jaso duen Gipuzkoako lehen industrialdea da. Enpresa elkarteak 150 baldintza baino gehiago bete behar izan ditu
Zumarragako Argixao industrialdeak enpresa guneen kudeaketako Europa mailako kalitatearen Q bereizgarria jaso du. Bereizgarri hau Euskadiko lau industrialdek bakarrik dute eta Argixao Gipuzkoako lehenengoa da.Industrialdeak atzo jaso zituen diploma eta bandera. Espainiako Enpresa Poligonoen Koordinakundeko lehendakari Alejandro Saenz de San Pedrok, Jose Luis Romero Argixao industrialdeko enpresa elkarteko lehendakariari eman zizkion.
Ekitaldian Alexander Arriola SPRIko zuzendariak, Txaber Ouro Sprilurreko zuzendariak, Jon Luqui Urolako Industrialdearen administrazio kontseiluko lehendakariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.
Argixao industrialdeak 150 baldintza baino gehiago bete eta ebaluazio bat gainditu behar izan du ziurtagiria lortzeko. Bertako azpiegiturak, zerbitzuak, jarduera sinergiak, mantentzea eta inguruneari egiten dizkioten ekarpenak aztertu dituzte.
Aitortza honen atzean arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza dago. Argixaoko enpresa elkartea enpresen interesak defendatzeko eta elkarlana sustatzeko sortu zen. Egun, hamahiru sektoretako 27 enpresa daude Argixao enpresa elkartean eta 370 laguni lana ematen diote.
Argixaok hainbat egitasmo ditu eskuartean. Enpresen, ingurumenaren, gizartearen eta lurraldearen garapena eta eraldaketa sustatzeko proiektu bat lantzen ari da. Gainera, argindarraren erosketa aztertzen ari da gutxiago kontsumitzeko eta irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzen ari da.
Arriolak zorionak eman zizkien lorpena posible egin duten guztiei eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela gogoratu zuen. Industria parkeak industriari balio erantsia emateko beharrezkoak direla gehitu zuen.
Saenz de San Pedrok estatuan 5.000 industrialde daudela aipatu zuen. «Horietako %15ek bakarrik dute enpresa elkartea. Hamahiru Q bandera banatu dira eta ia erdia Euskadin daude. Hobetzeko erreminta bat dira. Lana ez da hemen bukatzen», amaitu du.