Aralarkoa izateaz harro!

GUTUNA – Aiora Goikoetxea eta Amaia Segurola (Aralar)

gutunaBertan sortu, jaio, hazi, bizi eta ahal bada azken arnasera arte bertan egon.

Sarritan galdetzen digute ea zein den mendian egotearen arrazoia, guk esango genuke bizitzan ezeren faltarik sumatu ez dutelako diotela hori.

Txiki txikitatik dakigu lana zer den, natura eta animaliekin bizitzen. Gertutik ezagutzen dugu mundu hau, artzain eta ganaduzaleena, beste ezer baino gertuago izan dugulako eta giro horretan hazi eta heziak izan garelako. Txiki txikiak giñenetik gabiltza mendi honetan, lehenengo aldiz urtebete baino gutxiago genuela igo gintuzten eta geroztik bertan igaro ditugu gure bizitzako uda guztiak. Gure gurasoek gazta ekoizten dute txabolan  eta betidanik ikusi dugu nolakoa den mundu zoragarri hau. Eguraldi on nahiz txarrarekin bizi izan gara bertan eta badakigu nolakoak diren egun lainotsu eta hotzak edo eguzkitsuak. Urte gutxi genituenetik ibili gara mandoekin gora eta behera txabolan egon ahal izateko gauzak igotzeko . Ardiak goiz eta iluntzero jetzi eta gazta ekoizten dugu. Jendeak ez du ezagutzen gure bizimodua eta oso bestelako ideia bat dute buruan.

Aralarrek hainbat momentu goxo eman dizkigu baina zenbait unetan bere aurpegirik latzena erakutsi digu.Mendi hauek inork baino hobeto ezagutzen gaituzte, guk beraiek baino hobeto; gure eboluzioa ikusi dute, gure lehen pausoak, gure irribarre zabalenak, gure bizitzako momentu ederrenen testigantza dute, guzti guztia dakite gutaz. Ez da mendia eta animaliak gustuko ditugula, baizik eta behar ditugula. Ez dugu ulertzen jendeak hiltzailetzat hartzea mendia txikitu nahi dugula esatea, gure ahotik ez da irten mendia suntsitu nahi dugula, gure bizitza eta gure etxea suntsitzeaz salatu nahi gaituzte eta ez da egia. Pistak egitea behar beharrezkoa da, ezin dugu baldintza kaxkar hauetan jarraitu.

Badakigu gutxi garela beti errepikatzen duzuen moduan, baina nork nahiko du egoera onetan lanean jarraitu? Gazterik ez dagoela pentsatzen dute, mendian ez omen gara egoten ,baina ondo begiratzen ote dute? Guk ez ditugu 1 eta 2 egun bakarrik igarotzen, uda ia bere osotasunean bertan pasatzen dugu. Eta bai pisten alde gaude  eta garbi esango dugu. Ez dugu autopista bat egiterik eskatzen; gure jan eta behar beharrezko gauzak txaboletara eraman ahal izateko pista bat baino ez. Ez dugu mendia hiltzerik nahi orain den bezalako xarma eta edertasuna izaten jarraitzea nahi dugu. Badakigu horretarako mendia markatu beharko dela baina naturak bere egiten ditu aldaketak azkenerako. Gorputzean egiten ditugun zauriak bezala pixkanaka sendatuz joaten dira eta  Aralarrek ez du arrasto bat duelako bere edertasunaren zati bat ere galduko. Bestela Goroskintxira bueltatxo bat egitera gonbidatzen zaituztegu hor baitugu pistak egin  zireneko adibide  bat eta nahiz eta ekologista eta naturazaleek ezezkoa esan zati horrek behintzat ez du hainbesteko inpakturik sortu eta esan dezala bestela kontrakoa Txindokira egun batez joan eta antzeman ere egiten ez duenak.

Garbi ikusten dugu batzuen egoskorkeriaren fruitu dela hau guztia, gure ogibideari oztopoak jartzen ari dira eta guk beraiei zer egin diegu hau merezi izateko? Beraiek ez gaituzte mendian nahi baina ez dira konturatzen mendiak guk bera adina behar gaituela. Gu ez gaudenean  oraingo Aralar izateari utziko baitio eta bere xarma galduz bakarrik geldituko da negu hotzaren pare, inork ez baitu bertara joan nahiko eta hainbeste erabiltzen dugun natur parke hitza galduko da.

Galtzeko arriskuan dauden espezieak babesteaz hitz egitean ahoa betetzen zaie baina ez dira konturatzen desagertze egoeran dagoen espezieen pare dagoela lehen sektorea eta horregatik ahal dugun guztia egin behar dugula hainbeste urte iraun dituen ogibide garrantzitsu hau salbatu eta aurrera jarraitzeko. Ezin dugu albo batera utzi, lehen sektorea dagoen zulotik ateratzen saiatu behar gara,industriak adinako garrantzia baitu. Hori guztia dela eta, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure alde egiten duzuen guztiei, bai sektorekoei eta sektore honekin zerikusirik ez duzuenei. Gure egoeragatik kezkatu eta laguntza eskaintzen duzuen guztioi. Gugan sinesten eta denon mendia den hau zaintzen eta maitatzen duzuen guztiei.

Proiektu hau hasi zenetik hor egon zaretenei eskerrak eman, ez amore emateagatik eta nahiz eta traba asko agertu aurrera jarraitzeagatik.
Lagundu ez digutenei ere eskerrak eman nahi dizkiegu bizitza honetan ez dela ezer erraxa eta azkeneraino borrokatu behar dela erakusteagatik. Eta ez izan dudarik orain arte egin dugun moduan borrokatuko dugula sinesten dugun honegatik beraz Artzain eta abeltzainak segi dezagun borrokan amorerik eman gabe!

– Aiora Goikoetxea eta Amaia Segurola (Aralar)

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend