Loreak, joan direnak agurtzeko
Santu Guztien Egunez Goierriko hilerriak jendez eta lorez bete dira, beste behin ere. Ohiturak aldatzen ari dira ordea, eta adin batetik aurrerakoek eusten diote egunari.Santu Guztien eguna, Domu Santuarena edo hildakoena. Izenak ugari badira ere, dene...
Santu Guztien Egunez Goierriko hilerriak jendez eta lorez bete dira, beste behin ere. Ohiturak aldatzen ari dira ordea, eta adin batetik aurrerakoek eusten diote egunari.
Santu Guztien eguna, Domu Santuarena edo hildakoena. Izenak ugari badira ere, denek dute helburu bera: joandakoak gogoan izatea. Hala, hilerrietara joan eta hilobiak lorez apaintzeko eguna izaten da askorentzat. Ohiturak aldatzen ari dira, eta batez ere adin batetik aurreragoko jendea ikus zitekeen atzo hilerrietan.Hileten inguruko datuak denetarikoak dira, ordea. Hainbat udaletxe eta ehorztetxe hileta zibilak eskaintzen hasiak badira ere, oraindik gehienak elizaz egiten dira. Aldiz, errausketaren alde gero eta gehiagok egiten dute, hilerrira jo eta ehortzi beharrean. Santu Guztien egunez, familian elkartu eta bazkaltzeko ohitura ere badute askok.
Goierriko hilerriak jendez eta lorez bete ziren atzo. Askok bezperatik jarri zituzten sortak, baina izan zen azken unean erosi zuenik ere. Aramako Urretabizkaia lore haztegikoak, esaterako, Ordiziako hilerrian eta Beasaingo plazapean egon ziren atzo, lore eta landareak saltzen. Gehiena ordea, «bezperan» saltzen dutela zioten; «aurreko egunetan izaten da lanik handiena, Beasainen, Ordizian eta Legorretan izaten gara ferian; gaurko egunez azken hondarrak saltzen ditugu».
Urtaro aldaketa
Egunaren jatorriari buruz teoria ezberdinak daude. Egungoa jai egun kristaua bada ere, ospakizun hori kristautasunaren aurrekoa dela uste dutenik bada. Hala, uda eta naturaren emana bukatzen diren garaia eta neguaren etorrera, urtaro aldaketa irudikatuko luke. Hainbat lekutan, gaztainak janez ere ospatzen da.