Harategian lan egiten dutenei, amari eta familiari eskaini die saria harakin beasaindarrak
Jose Manuel Olano, Loinaz Usabiaga eta Ixabel Imaz sariekin, ondoan Leire Artola alkateordea eta kofradiako Martin Urkiola dituela
Laneko mantala oraindik gainean, zuzenean harategitik etorrita eta emaztea Loinaz Usabiaga eta ama Ixabel Imaz alboan zituela jaso du Jose Manuel Olanok seigarren aldiz jarraian Beasaingo odolkiaren errege titulua. Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatutako txapelketaren 34. edizioan berretsi du titula Olanok eguerdian, lehian parte hartu duten beste 10 odolkigileri aurre hartuta. Bigarrena Zegamako Urmeneta izan da, eta Beasaingo Zubeldia, Donostiako Maialen eta Ormaiztegiko Iñaki Campos izan dira hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, hurrenez hurren.
Olanok “pozik” jaso du saria, eta seigarren aldiz jarraian izanda ere, lehiaketaren amaiera urduritasun puntu batekin bizi izan duela aitortu du. Harategian lanean ari direnei, amari eta familiari eskaini die saria. Hainbeste sari jasot duen odolkiaren sekretuari buruz galdetuta, zera erantzun du harakin beasaindarrak: “Beti esan duguna, freskotasuna, erabiltzen ditugun osagaiak ahalik eta freskoenak dira, eta ingurukoak, Kilometro 0-koak. Prozesua asko mimatzen dugu eta generoa oso freskoa da. Odola, barazkia… dena da freskoa eta hala izan behar du odolkiak. Porrua ingurukoa erabiltzen dugu, baina tipula ez, hemen inguruan ez dagoelako guk behar adina, baina erabiliko bagenu ere seguru maila bat gehiago gehituko geniokeela odolkiari”. Saria jasotzerakoan Beasaingo Odolkiaren Kofradiarentzako esker hitzak izan ditu, baita kazetariontzako ere, odolkiaren alde egindako lanagatik.
Olanok, Leire Artola Beasaingo alkateordeak ezarri dion txapelaz eta garaikurraz gain, 300 euro eta datorren urteko otsailaren 5ean Kofradiak ospatuko duen egun handian bere odolkiak dastatu ahal izatea jaso ditu saritzat.
Sari banaketaren aurretik, epaimahaia osatu duten hamabi lagunek keinu bat egin diote hemendik aste gutxira ospatu behar den Euskaraldiari eta taldeko argazkia atera dute hamaika hizkiekin.
Odolkiaz gain, gaurko egunak izan ditu beste osagai batzuk Beasainen Gernika pasealeku inguruan antolatu den azokan. Hala, hileko lehen larunbatetako azoka bereziak bat egin du odolkiaren festarekin, eta bertako barazkiak izan dira salgai beste hainbat produkturekin batera: gazta, hestebeteak, onddoak, eztia, pitxiak, gozoak… AECC Gipuzkoa minbiziaren aurkako elkarteak, berriz, diru bilketa egiteko baliatu du festa.
Beasaingo ikastolako ikasle talde batek, bestalde, odolkiz egindako pintxoak salgai izan ditu, eta goiz osoan zehar taloak egon dira salgai eta, pilotalekuan bertan, odolki pintxoak izan dira aukeran, lehiaketara aurkeztutako odolkiekin egindakoak hain zuzen, ardoaz eta sagardoaz lagunduta.