Auzolanak indarrean dirau
Udazkeneko hitzorduan, hainbat lan egin zituzten herritarrek larunbatean Itsason. Bide garbiketak, seinaleztapenak eta lorezaintza lanak dira egindako batzukItsasoarrak auzolanean elkartu dira beste behin ere. Pasa den urriaren 27rako zuten jarrita uda...
Udazkeneko hitzorduan, hainbat lan egin zituzten herritarrek larunbatean Itsason. Bide garbiketak, seinaleztapenak eta lorezaintza lanak dira egindako batzuk
Itsasoarrak auzolanean elkartu dira beste behin ere. Pasa den urriaren 27rako zuten jarrita udazkeneko lanak egiteko hitzordua, baina orduko eguraldi txarraren ondorioz aste bete atzeratu eta asteburu honetan, oraingoan meteorologia lagun, larunbatean egin dituzte. Itsasoko udazkeneko auzolan ekinaldi honetarako 50 bat herritar elkartu dira eta bederatzi taldetan banatuta jardun dute lanean, aurrez egindako zerrendari jarraituz.Hala, Itsaso-Alegia-Itsaso herribide zaharrak hesola eta zeramika logoekin markatu dituzte, eta ibilbideetan eta leku esanguratsuen informazio panelak kokatu, hala nola, Itsaso, Alegia, Zozabarro, San Lorentzo, Urteaga, Kizkitza, Altzigarraga eta Mandubiko Bentan; hesiak zuzendu dituzte Epelde, Alegiko Madura eta Atinzabal parean; Itsusturri eta Okinarri artean bidea garbitu eta zuhaitz adarrak kendu dituzte; eta Itsasoko eta Alegiako lorategiak txukundu dituzte. Bestalde, Euskaraldirako pankartak eta txapak ere diseinatu eta margotu dituzte.
Arratsaldeko lehen orduan hasi eta iluntzean amaitu zituzten lanak; eguna amaitzeko, Ostatuan afarian elkartu ziren.
Sustrai handiko ohitura
Nekazal guneetan ohikoa izan da urteetan bideak egiteko edo konpontzeko, sagarrak biltzeko edo beste hainbat nekazal lan egiteko elkartzea eta denak batera jardutea, hau da, auzolana. Ohitura hori toki askotan desagertzen joan den arren, Itsason mantentzea ez ezik, indartzea ere lortu dute.
Hala, 2013tik, urtean bi hitzordu jartzen dituzte auzolanerako itsasoarrek, bat udaberrian eta bestea udazkenean. Larunbat arratsalde baterako kontua izaten da eta festa giroan ematen diote amaiera. Aurrez herri batzarrean herritarrek proposatutako lanak dira egiten dituztenak, materialaren kostua udalak bere gain hartuta.
Herri batzarrak, hain zuzen, eman zion bultzada auzolanari duela ia bost urte. Auzolanaren ohitura galdu aurretik edo bakarrik belaunaldi helduenen kontua izatera pasa baino lehen, historikoki herrian zer izan den aztertzea eta balioan jartzea erabaki zuten, urteko bi hitzordu finko ezarriz eta kontzeptua eguneratuz.
Historiari erreparatuz, Itsason badira auzolanean egindako eraikin eta azpiegitura azpimarragarri batzuk: Kizkitzako ermita, 1934ean eraikia eta 1960-64 inguruan berreraikia, ur publikoaren ekarrera San Lorentzotik, hilerria edo plazako apaizetxea. Azken urteetan ondare erlijiosoa mantentzen, festen antolaketan edo herri bide batzuen garbiketan jardun dute herritarrek.