Proiektuak lehiaketara aurkezteko epea azaroaren 30era arte da. 10.000 euroko beka jasotzen duenak 2019an garatuko du lana. 'Eusko Folklore Urtekaria'-ren 52. zenbakia atera du Fundazioak
Barandiaran Fundazioko patronatuko kideak, Sara etxean, 2018. urteko bileran.
Jose Migel Barandiaran ondarea eta izena gobernatzen eta zabaltzen duen Barandiaran Fundazioak egin du bere bekaren aurtengo deialdia. Etnologia lantzeko izango da oraingoa. Iker- tzaileek urriaren 26tik azaroaren 30era arteko epea daukate proiektuak aurkezteko. Epaimahaiak urtea bukatzerako emango du epaia.
Aurreko urteetan bezala, 10.000 eurorekin hornituta dago beka. Irabazten duenak, 2019an garatu beharko du lana. Argitaratu gabeko lanak eta izaera propioa dutenak lagunduko ditu bakarrik, ez neurri handiagoko beste proiekturen baten zati direnak, ezta lehendik beste finantzazioren bat dutenak ere.
Ikertzaile gazteei «dei berezia» egin die Fundazioak, proposamenak aurkez ditzaten.
Barandiaran Fundazioaren patronatuak urriaren 25ean egin zuen 2018ko urteko bilera, Ataungo Sara etxean. 2019ko aurrekontua onartu zuen, eta 2018ko proiekzio ekonomikoa «martxa onean» doala esan du Josemari Velez de Mendizabal presidenteak. Erakundeekin duen «harreman ona» nabarmendu du, eta etorkizunerako hainbat proiektu dituztela.
Bileran izan ziren Hego Euskal Herriko hiru diputazioetako eta bi gobernuetako Kultura zuzendariak, eta Fundazioko Josemari Velez de Mendizabal, Arantza Cuesta idazkaria, Susana Irigarai, Jexux Aizpurua, Abel Ariznabarreta eta Zuriñe Velez de Mendizabal.
Eusko Folklore, kalean
Barandiaran Fundazioak argitaratzen duen
Eusko Folklore Urtekaria-ren 52. zenbakia kalean da. Euskal identitateak landu dituzte bereziki, bost artikulu eskainita. Pilar Barandiaranen heriotzaren 10. urtemugan, Jexux Aizpuruaren lan bat ere badago.