Txerriki azoka azaroan sartzeko

Igandearekin batera egin dute Mutiloan Txerriki Azoka, hamaikagarren urtez. Txerrikiak eta beste produktu askoren salmenta, dastaketa eta erakusketa egin dituzte. Bisitari asko gerturatu da azokara.

Hamaikagarrenez egin dute Txerri Azoka Mutiloan. Iganderako plan polita beraz, Mutiloak eskainitakoa. 10:00etan ireki zuten azoka, eta hainbat jatorritako ekoizleak aritu ziren txerrikiak saltzen. Saldu bakarrik ez, odolki, txorizo eta urdaiazpiko dastaketak ere egin zituzten, baita urdaiazpiko mozte erakustaldia ere. Haurrek, bestalde, eskulanak egiteko aukera izan zuten.

Txerri azokara gerturatu zirenek gainera, odolkiak nola egiten diren ezagutzeko erakustaldia ikusi ahal izan zuten Juanita Murgiondo, Juanita Aranburu eta Lurdes Etxezarretaren eskutik, eta ondoren, gorputza gozatzeko, erretako txerria dastatzeko aukera izan zuten. 119 kiloko txerria zen erre zutena eta ordu bete baino lehenago saldu zituzten pintxo guztiak. Azokaren itxierarekin batera herri bazkaria egin zuten. 120 bat lagun elkartu ziren. Dudarik gabe, azaroari ongi etorria emateko festa ederra izan zuten herenegun Mutiloan.

Balorazio positiboa

Eguraldia lagun izan zuten azoka egunean, eta hori antzeman zuten. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak adierazi duenez, «sekula baino jende gehiago» gerturatu zen Txerri Azokara, eta egunak emandakoaz egindako balorazioa «oso positiboa» izan da. Salmentak ere «ondo» joan zirela esan du.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend