Aralar, oparo denontzat!

GUTUNA – Haizea Arruti eta Nerea Goikoetxea (Itsasondo-Arama).

gutunaAitortu beharrean gaude: poza sentitu dugu artzainen bi alabek Aralarrekiko azaldu duten berebiziko lotura eta atseginari buruz irakurtzen hasi garenean. Eta bat egin dugu beraiekin, makina bat baikara Aralarrekin gozatzen ohitutakoak eta egoskor jarri zaigunean penatu ere behar izan dugunak. Harrotasun horrekin bat egiten dugu, pozarren!

Baina, ez dugu urrunegi joan beharrik izan, altura oniriko horietatik lurreratzeko, izenburuko harrotasuna laineza bihurtu zaiela konturatzeko. Garbi daukagu guk ere mendi honen beharra dugula, ziur gauden bezala alderantzizkorik ez dela ematen: Aralarrek ez du gure beharrik, inondik ere; Natur Parkeak abeltzainen edo beste edozein ‘sektoreen’ beharrik ez duen bezalaxe.

Saiatuko gara gure ikuspegia argitzen: naturataz ari garenean, ingurune fisikoaz ari gara eta baldintza horietan bere kasa bizi diren landare eta animaliei buruz, mendeetan zehar gizakiarengandik mesede baino, kalte gehiago jaso duten horietaz. Eta Aralar Natur Parkea izendatu bada, galtzeko arriskuan jartzeraino kaltetu ditugun elementu horiek babesteko izan da, ez azienda edo hor aipatzen den sektorea suspertzeko. Horretarako badira beste bide batzuk eta, hala behar izanez gero, berriak ezartzeko aukerak ere sortu beharko dira, terreno batzuei lotuta hala behar izanez gero, baina ez da kasua.

Aurrekoa esanda, uste dugu ganaduak ere bere lekua eduki dezakela Aralarren, are gehiago, naturguneak egun dituen hainbat osagaientzat mesedegarria ere badela aitortzea atsegin dugu, baina bere kudeaketa beste elementu guztiekin bateragarria egiten denean bakarrik. Ez bestela.

Natur baliabideek behar zuten antolaketa orain dela 24 urte bihurtu zen arau Aralarren eta garbi geratu zen gizakiok inguru horretan zer egin genezakeen eta zer ez. Besteak beste, bertako ondare hauskorrenak itzulezineko kalteetatik babesteko mugak eta debekuak ezarri ziren orduan. Aralarren pistak eraikitzearen kontrako jarrera Eusko Jaurlaritzak bertako natura babesteko ezarri zituen arauak betetzeko eskarian oinarritzen da soilik, ez leporatzen diguten erradikal batzuen egoskorkerian.

Egin den pistak hainbesteko inpakturik ez duela sortu diote, eta eragindako zauriak sendatuko direla. Ez dakigu zein arrazoietan oinarritzen diren hori esateko, baina bistakoa dena da Foru Aldundiko Ingurumen Sailekoak azken urte hauetan buruhauste ugari izaten ari direla pistak baimendu ahal izateko, argitaratu dituzten itxuragabekeri eta kontraesanak justifikatu ezinean.

Bidezkoa iruditzen zaigu bakoitzak bere interesa defendatzea, baina denona den lurralde batean lehenik interes orokorra defendatu behar delakoan gaude. Eta ez dugu onartuko denon interesa zaindu behar luken administrazioak interes partikularrak, bidezkoenak ere, ondare naturalaren gainetik jartzea, azken honen kalterako. Eta natura babesteko arauak behin eta berriro urratzearen aurkako borrokan jarraituko dugu, denon kaltetan dela pentsatzen dugulako. Artzainekin batera bada atsegin handiz eta, hala ez balitz, bakardadeak ematen digun kemenarekin.

 

– Haizea Arruti eta Nerea Goikoetxea (Itsasondo-Arama).

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend