Astigarretako lehen festa eguna, igandean

astigarretan_San_Martin_ja

Beasaingo Astigarreta auzoan San Martin jaiak ospatuko dituzte eta aurten ere, datozen bi asteburuetan festa giroan murgilduko dira astigarretarrak. Igandea, San Martin eguna, izango da lehenengo festa eguna. Antonio Berasategi auzo alkatearen esanetan, «urteko egunik garrantzitsuena izaten da San Martin jaia bai Astigarretakoontzat bai ingurukoentzat». Horren adibidea da herri bazkarirako dagoeneko 80 lagun izena emanda daudela.

Honela, egun osoko festa izango da igandekoa. 11:00etan, Goiz Eresi taldeko txistulariek alaitutako kalejira egingo dute eta ondoren, 11:30ean, meza nagusia. Beasaingo San Martin parrokiako abesbatzak lagunduko du meza eta Beasaingo Udaleko udal ordezkariak ere bertan izango dira. Jarraian, salda eta pintxoak izango dira aukeran elkartearen ondoko lokalean, Laja (semea) eta Larrañaga trikitilariek eta Xabier Zeberio eta Mañukorta bertsolariek girotuta.

Herri bazkaria

Eguerdian, 14:00etan, herri bazkaria egingo dute Astauzel elkartean. Hasierako zizka-mizken ondoren, arrain zopa, arkumea, postrea eta kafe konpletoa izango dituzte menuan. Bazkaltzera joan nahi duenek Antonio Berasategirekin jarri behar du harremanetan. 30 euro balio du txartelak. Bazkaria eta ondorengo giroa bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute. Berasategiren esanetan, «erromeria ederra» izaten da arratsaldean, «Donostiatik ere hamabost bat lagun etorriko dira».

Hurrengo asteburuan

Hurrengo asteburuan ere festak jarraituko du Astigarretan. Larunbatean, azaroaren 17an, 17:30ean, haurrentzako eta helduentzako jokoak izango dira eta 21:00etan, afari herrikoia. Gau erdian, 24:00etan, berriz, Astigarretako II. Air-Trikitixa txapelketa jokatuko da. Ordu batetik aurrera, goizaldera arte, Nekora disko jartzaileak dantzarako giroa jarriko du Astigarretan.

Azaroaren 18an, azkenik, 18:00etan gaztaina jatea eta 19:00etan film emanaldia izango dituzte.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend