Aurrekontu parte hartzaileetan 13 proiektutik bi bozkatu ahal dira

Azken txanpan sartu dira aurrekontu parte hartzaileak. Legazpiarrek egindako proposamenen artean 13 aukeratu dituzte. Orain, horietatik bi hautatu behar dira

Mirandaolako_parkea

Legazpiarrek, aurrekontu parte hartzaileen atala izendatzen den horretan, proiektu bakoitzeko 50.000 euroko inbertsioa izango duten sei egitasmo aukeratu ditzakete. Lehenengo fasean proposamenak jaso ditu udalak eta bigarrenean, haien gaineko galbahea pasata, bi proiektu bozkatzeko aukera zabaldu ohi dute; boto gehien jasotzen duten seiak gauzatuko dituzte. Azaroaren 22ra arte zabalik dago botoa emateko epea.

Itxaropen_auzoko_eskailera

Itxaropen auzoko eskailerak.

Aurrera egin duten proiektuen artean Bikuña kiroldegian hobekuntzak egiteko bi daude: soinketa gelan aireztatze sistema berria instalatu nahiz igerilekura sarbidea hobetu, eta eguzki sistema fotovoltaikoa jarri. Futbol zelaiko aldageletan berrikuntzak egiteko beste proiektu bat dago. Domingo Agirre eskolako haur parkea berritzea eta Arantzazukoa konpontzea bozkatu daitezkeen beste bi proiektu dira. Itxaropen auzora iristeko Aizkorri kaletik dauden eskaileren konponketa eta auzo berean 14. ataritik 17.ra doazen eskailerena proiektu bana dira.

Laubideko igogailu berritik Domingo Agirreraino doan bidean berrikuntzak egitea eta Mirandaolako parkeko mahaiak berritzea beste bi proiektu dira. Latxartegiko parkean komunak jartzea eta bertako etxola berritzeko proiektuak ere jaso dira. San Joan auzoko 11. eta 13. atarien arteko espaloien konponketa eta Telleriarteko plazaren berrikuntzaren lehenengo fasea bozkatu daitezkeen proiektuen artean daude.

Azaroaren 26an boto gehien jaso dituzten sei egitasmoen berri emango dute.

Baztertu dituztenak

Udal gobernuak, teknikarien aholkuak eta azterketak lagun, 22 proiektu baztertu ditu. Arrazoiak 50.000 euro baino gehiagoko kostua dutela, martxan daudela jada edota egiteko asmoa dagoela izan dira. Hala, baztertu dituzten proiektu hauetako batzuk honakoak dira: Guriditegiko (Brinkola) berrikuntza lanak amaitzea, Gaztetxe ondoko aparkalekua konpontzea edota igogailu bat egitea Laubideko igogailu berriaren atzean.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend