Garaian erein eta jasotzeko erne ibili behar da
Neguko barazkien emariak zabalik dirauen honetan, udaberrira begira jarrita daude nekazariak eta aukeran dituzte landare batzuk; ezti ihintza ere iritsi da azokara.B arazki berri batzuk ekarri dituzte azaroko lehen ferian. Hego haizea lagun, giroa at...
Neguko barazkien emariak zabalik dirauen honetan, udaberrira begira jarrita daude nekazariak eta aukeran dituzte landare batzuk; ezti ihintza ere iritsi da azokara.
B arazki berri batzuk ekarri dituzte azaroko lehen ferian. Hego haizea lagun, giroa atsegina zen, eta baratzeko lanak aurreratzeko ere egokia. Horixe behar baita unean uneko lanei ekiteko. Udaberrian jan nahi ba- ditugu oraintxe gaude ilar, baba edota baratxuria ereiteko garaian. Batzuk oraindik ere ezer egin gabe, beste batzuk lurra prest baina ereitea falta, eta beste gutxi batzuk lanak aurreratuta. Montesen postuan ikusi zitekeen moduan, ilar landarea salgai zuten. Ez da aspaldiko kontua ilar landarea saltzearena, «gure seme Josebak sekulako afizioa du gauza berriak probatzeko eta hark hartzen ditu horrelako lanak» adierazi du harriduraz eta pozez aita Patxi Izagirrek. Oraindik norberak ereitea da ohikoena, baina inork erein, erne eta landarea hasi arteko epeak aurreratu nahiko balitu, ia prest da 0,20 euroan ilar landare bakoitza.Jateko prest dauden barazki berriak hauexek, atzoko nobedadeen artean: errepollo edo udaberriko aza gorria, azalore hori-laranja eta morea eta pak choi aza mota berria, «Tailandiakoa da, handik zuzenean hazia ekarria» Arantxa Zurutuza aramarrak kontatu digunez.
Aldiz, bukatu edo azkenekotan dira pikua eta leka, eta piperrak erretzeari utzi dio dagoeneko Jose Luis Amatrian fruta salitzaileak.
Perretxikoetan, onddo kolpe handirik ez da izan azken egunotan, beraz kanpokoa nagusi beste behin ere, eta esnegorria, mendiko angula eta saltsa perretxiko beltza lagun izan ditu.
Ezti ihintza, aberatsa
Iluna bezain aberatsa da ezti ihintza edo mielatoa, eta halakoxea da ere Jon Etxeberria erlezainak urtero garai modu honetan ekarri ohi duena. «Ametz izerdiarekin egina da. Ez du nektarrik. Zorriak eta erleek elkarlanean atera ohi dute. Ametz edo Quercus (haritza, artea, ametza) motako arboletan zorriek egindako zauriz baliatzen da erlea ezti ihintz berezi hau lortzeko. Mineralizazio handikoa da, propietate ugarikoa». Arabakoa da Gozatu izenpean salgai den hau. Inguru hurbileko zuhaitzetan ez dela horrelako fenomenorik gertatzen azaldu du Etxeberriak, Araba eta Nafarroan bai ordea. Adineko askori entzuten omen die «garai batean gure etxera etortzen zen mieleroak ekartzen zuena bezalakoxea da»; nonbait, oroimenean geratua da gustu berezi hori.