Azoka egunarekin batera aurkeztu dute ekimena udal ordezkari eta teknikariek. Herritarren ekarpenak jasoko dituzte guztien artean lan lerroa egituratzeko
OrdiziaLab proiektua jarri du martxan Ordiziako Udalak, Elika, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioarekin elkarlanean. Jose Miguel Santamaria alkateak, Josi Iturrioz Garapen Ekonomikorako zinegotziak, Leire Arandia D’elikatuzeko arduradunak eta Aitor Velazquez merkataritzako teknikariak proiektuaren inguruko xehetasunak argitu zituzten atzo, Ordiziako azokan.
Erosteko ohiturak hainbeste aldatu diren garai hauetan, azoka berpizteko helburuarekin dator OrdiziaLab proiektua. Honela, «azokak, Ordiziako bihotz eta hiri ekonomiaren eta honen merkataritza erdigunearen errekuperaziorako motor gisa» funtzionatuko duela uste du udalak; «espazio komertziala, bizitzeko, erosketak egiteko eta gozatzeko lekua bihurtuz».
Egitasmo hau «irailaren bukaeran azokaren batzordean, ordezkari politiko eta merkatarien artean» aurkeztu zela jakinarazi du udalak. Jarraian, «hainbat elkarrizketa egin, proiektua zehaztu eta lan taldeak identifikatu» zituzten.
Herritarren parte hartzea
Orain «pauso bat harago emango da eta datozen asteetan zehar baserritarrekin, merkatariekin, ostalaritza establezimenduekin, industria ehunarekin, bizilagunekin eta kontsumitzaileekin orokorrean, hausnartuko dugu; eragile desberdinen ikuspegiak barneratzeko, proiektu bateratu eta ekintza plan partekatu batean», esan zuen alkateak. Helburua da «Ordiziako azoka eta merkataritza enpresak indartzeko eskema denen artean eraikitzea».
Era desberdinak daude horretarako:
www.ordizia.eus atarian zabalduko den gunearen bidez,
ordizialab@ikertalde.com epostara mezua bidalita edo paperean idatzi eta D’elikatuzen edota Merkataritza eta Ordizian elkarteko bulegoan jarriko diren kutxetan utzita.