Lazkaoko bizikleten tenplua, 40 urte beteta

Ricardo Izquierdo lazkaotarrak 1978ko urrian ireki zuen Ziklos Lazkao, txirrindu denda eta konponketa tailerra. Komertzio zaharrenetakoa da. Urteotan gora eta behera ikusi du sektorea, baina bi gurpiletan beti.

Antzinako alkilerren usaina dario Ziklos Lazkaori. Elosegi kalean beherako aspaldiko etxe baten behealdean dago; denda txikia sarreran, eta tailerra atzean. Pneumatiko, pieza, erreminta eta hamaika ilusioren zatiak han-hemen. Bulegotarako, metro beteko armariotxo bat ertzean. 59 urterekin, bizitzaren bi heren igaro ditu han lanean Ricardo Izquierdok (Lazkao, 1959).

«Denda Juan Mari Azkaraterekin batera jarri nuen. Hark utzi egin zuen gero. Ireki genuenean, Lazkaoren erdigunea zen alde hau. Bizitza zegoen, denda asko. Hila geratu zen. Lazkaon komertzio gutxi izango gara 40 urtean ari garenak», dio Izquierdok.

Bizikleta berriak saldu, zaharrak konpondu, eta ia beste inon egiten ez diren lantxoak burutzen ditu, oraindik. Gurpiletako aire kamerei partxeak jarri, adibidez. «Baina hori jada historia da, zulaturik ez da konpontzen. Denbora baldin badaukat bakarrik. Aldagailuak, balaztak… horiek dira matxura sarrienak», dio, tailerrean alde batera eta bestera dabilen bitartean.

Hasieran, motoak ere konpontzen zituen. Mobyletteak, Suzukiak. Baina gasolina alboratu, eta bizikletekin atera du bizibidea. «Irekitakoan, Orbea bizikletak, BH klasiko haiek ziren. Lehenago alkilerista nintzen. Orain saldu egiten dira denak. Gaur egun, Orbea eta Conor markekin lan egiten dut».

Internetekin, galbidera

Salmenta txarrak dioenik esan gabe, konforme da jubilaziora artekoa daukan martxan egitearekin. Internetek «egurra» eman die berari eta bere moduko negozioei, Izquierdok dioenez. «Jende askok uste du Internetekoa merke ateratzen dela, baina ez da dirudiena bezainbeste. Hona ekartzen dituzte gero bizikletak, eta politak bai, baina kalitatez oso korrienteak dira». Black Friday, Amazon antzekoak madarikatu ditu, ahobizarrik gabe.

Goierri osoko bezeroak dauzka. «40 urte asko dira, eta jende askok ezagutzen nau, Goierri osoan». Ziklos Lazkao baino lehenago, Ciclos Mendia izan zen Lazkaon zerbitzu hori ematen zuena. «1978an, Ordizian Montero eta Marotias zeuden. Gero hasi ziren Gurpil, Jokin Mujika… Oñatin ere baziren zaharrak. Baina ni hasi nintzen garaikoak ia denak jubilatu ziren».

Lazkaon ume saldoa eta gazteria handia dagoela dio, eta hori nabarmentzen du bizikleten emarian. «Udan lana leporaino eduki dut. Neguan asko jaisten da, eguna moztu eta eguraldia txartzen delako».

Txirrindularitza sutatzen

Izquierdo bera ez da txirrindularitza lehiatuan inoiz ibili. Azkarate bazkide zuena, bai; profesionaletara iritsi zen, Reynoldsekin (1980-1981). «Txikitan izugarri gustatzen zitzaidan txirrindua, asko ibiltzen nintzen».

Horrez gain, Lazkaoko eta Goierriko haurren txirrindulari talde bat sortzen ere lagundu zuen Izquierdok, Lazkaoko Txirrindulari Eskolako Gurutz Barandiaranekin eta Fermin Zunzunegirekin batera. Dendak dauzka orduko argazkiak, baita berriagoak ere. «Larunbat arratsaldeetan, autobusean joaten ginen karreretara: Azpeitiara, Tolosara, Zumarragara…».

Bien bitartean, eguneroko lanean segitzen du Ziklos Lazkaok. Bizitza bi gurpilen gainean joan dadin aletxoa jarriz.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend