Ormaiztegiko Mendi Astearen 25. ekitaldia ate joka dago. Azaroaren 13tik 18ra izango da. Inguruko mendizaleen ahotsak ekarriko dituzte eta lehiara baino, abenturara begira jarriko dira
Ormaiztegiko Mendi Astearen 25. edizioa azaroaren 13tik 18ra egingo dute aurten. Oraingoan ere, «abenturari, inguruko mendizaleei eta egitarauaren aniztasunari» jarri diete azpimarra Unai Barrenetxea antolatzaileak adierazi duenez.
«Mendi Astearen egitarauak abentura kutsua dauka, lehia alde batera uzten dugu», dio Barrenetxeak. Halaber, Ormaiztegi inguruko mendizaleen ahotsak ekartzea garrantzitsua dela dio, «Joseba Iztueta mendigoizale gabiriarraren azken abentura eta Arkaitz Yurrita eskalatzaile ormaiztegiarraren ikus-entzunezkoa eskainiko ditugu». Iztuetaren Denbora izeneko leku bat emanaldia azaroaren 14an izango da, eta Yurritaren Sokaren beste muturrean ikus-entzunezkoa, azaroaren 16an.
Manuel Yurritaren omenezArkaitz Yurritaren aitari omenaldi txiki bat egingo diote emanaldiaren aurretik. «Manuel iaz zendu zen eta, aitzindari izan zenez mendi abenturetan, semearen jardunaren aurretik hari buruzko bideotxo bat emango dugu», aurreratu du Barrenetxeak. Manuel Yurrita zortzimila bat igotzeko sortu zen lehenengo euskal espedizioaren kidea izan zen, 1974an Annapurna (Nepal, 8091 metro) mendiaren tontorretako bat igotzen saiatu ziren, ez zuten lortu, baina etsi gabe jarraitu zuen aurrera eta 1978an Aconcagua (Argentina, 6.960 metro) igo zuen.
Asteari hasiera emango diote azaroaren 13an Jon Sistiaga, Aitor Zabarte eta Aitzol Mendizabal bergararrek Argentinan, Japonian eta Auñamendietan egindako eski espedizioak biltzen dituen emanaldiarekin. Yolanda Muñoz zikloturistak Gasteiz Txina Gasteiz ikus-entzunezkoa eskainiko du azaroaren 15ean.
Azaroaren 18an bi ordu eta erdiko mendi irteera egingo dute asteari amaiera emateko; izena azaroaren 16ra arte eman daiteke. Astearen barruko saioak Zumalakarregi museoan izango dira, 19:00etan hasita.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.