300 lagun baino gehiago esklerosiaren aurkako orientazio proban
Hiru ibilbide egon dira aukeran, zailtasun ezberdinekoak. Parte hartzaileek balizak aurkitu behar izan dituzte. Askok familian edo kuadrillan parte hartu dute eta haurrek primeran pasa duteAsteburuan esklerosi anizkoitza dutenen aldeko orientazio proba...
Hiru ibilbide egon dira aukeran, zailtasun ezberdinekoak. Parte hartzaileek balizak aurkitu behar izan dituzte. Askok familian edo kuadrillan parte hartu dute eta haurrek primeran pasa dute
Asteburuan esklerosi anizkoitza dutenen aldeko orientazio proba egin dute Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Adin guztietako 333 lagunek parte hartu dute. Izen-ematetik bildutako dirua esklerosia ikertzera bideratuko dute.Proba igande goizean egin zuten. Hiru ibilbide egon ziren: horia (erraza), ertaina (laranja) eta zaila (gorria). Parte hartzaileak, mapa batek lagunduta, antolatzaileek zehaztutako puntuetatik pasa ziren. Altxorraren bila jolasaren antzeko jarduera da.
Parte hartzaileak Euskal Herri osotik etorri ziren. Baita Madril, Gaztela eta Errioxatik ere. Batzuk, elite mailakoak ziren.
Ibilbide horiari dagokionez, nesken artean onena Ainhoa Jauregi izan zen eta mutilen artean Iñaki del Campo. Ibilbide laranja osatzen azkarrenak Mireia Jauregi eta Ibai Gurrutxaga izan ziren. Bukatzeko, ibilbide gorriko azkarrenak Eli Unanue eta Unax Galarraga izan ziren.
Baina garrantzitsuena ez zen lehiaketa izan, esklerosia ikertzeko dirua lortzea eta primeran pasatzea baizik. Askok kuadrillan eta familian parte hartu zuten eta ikustekoa izan zen etxeko txikienek jarri zuten gogoa! Gurasoek estresatuta eta arnasestuka eraman zituzten herriko punta batetik bestera.
Parte hartzaileen iritzia
Zabaleta-Artolazabal eta Alvarez-Artolazabal sendiek, adibidez, elkarrekin parte hartu zuten. Lehenengoz aritu ziren Xabier eta Alaitz gurasoak Malen eta June alabekin eta Pablo eta Amaia, Teo eta Luca semeekin. Alaitzek oso esperientzia ona izan zela dio. «Lehenengoz parte hartu dugu. Xabierrek Irimon zen proban parte hartu zuen eta familian egiteko polita dela esan zuen. Oraingoa herrigunean egin denez, oso aproposa iruditu zaigu. Haurrek primeran pasa dute. Herria ezagutzeko egokia da».