Ferian erosi eta etxera eraman
Ataunen, bertako mondeju beltzaren 9. lehiaketa Xabier Antzak irabazi du. Ipuin eta marrazki sariak ere eman dituzte. Zegamako San Martin ferian, gazta eta ganadua izarSan Martin egunaren bueltan, feria oparoak egin dituzte Zegaman eta Ataunen. Zegamar...
Ataunen, bertako mondeju beltzaren 9. lehiaketa Xabier Antzak irabazi du. Ipuin eta marrazki sariak ere eman dituzte. Zegamako San Martin ferian, gazta eta ganadua izar
San Martin egunaren bueltan, feria oparoak egin dituzte Zegaman eta Ataunen. Zegamarrek, aspaldiko ohiturari segiz, larunbatean egin zuten herriko ganadu erakusketa, gazta eta janari salmenta, eta artisau azoka. Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 20. Gazta Txapelketa ere jokatu zen, 18 artzainen artean.Patxi Lopez de Uralde larrearrak irabazi du. Bigarren Olaberriko Aizpea izan da, eta hirugarren Galarretako Azkarra. Epaimahaia zortzi kidek osatu dute: Markel Irizar txirrindularia, ETBko Hauxa2 programako Onintza Enbeita eta Ana Goitia, Sant Sadurni d’Anoiako (Katalunia) alkate Josep Maria Rivas eta zinegotzi Montse Medall; Seu d’Urgelleko (Katalunia) zinegotzi Jesus Fierro —xingola horia zuten paparrean—, eta Idiazabal izendapeneko Jose Ramon Agiriano eta Victoria Errasti.
Aizkorriko eta Urbiako artzainen gaztagintza «haizea alde» duela, «geroz eta hobea» dela aitortu du Agirianok. Dastaketa «perfekziotik gertu» izan zen.
Herriko ganadu sariak ere banatu dituzte, Zegaman. 11 sailetan jaso dute aitortza. Jose Ignacio Aldasoro albaitari ormaiztegiar zena —martxoan hil zen— gogoan izan eta txalotu dute.
Ostiralean, Ruper Ordorika kontzertuan, disko berria aditzeko eliza bete jende izan zen.
Ataunen, Antza txapeldun
Ataunen, San Martin jaien barruan, herenegun jokatu zen IX. Mondeju Lehiaketa. Sei partaidek aurkeztu dituzte hestebeteak, ardi gantzaz eta odolez eginak. Xabier Antzak irabazi du lehenengo saria, Mikel Morak bigarrena eta Iban Sukiak hirugarrena. Epaile, Iker Markinez, Maite Garmendia, Santos Aldasoro sukaldariak, eta Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran ataundarrak aritu dira. Oso goian jarri dute maila, eta «jaki preziatua» mantentzeko ataundarren ahalegina goretsi dute.
Joxe Ramon Erauskini, bestetik, Mondeju Beltzaren Lagun izendapena eman diote, mondejuaren alde egin duen lana aitortzeko eta eskertzeko.