Granjel Segurako sehaskan da
Seguran jaiotako Luis Sanchez Granjel mediku eta medikuntzaren historialariari buruz liburua aukeztu du Urkiak. Bizitzako lehen 12 urteek betiko nortasuna iltzatu zioten«Bera bizi izandako etxera gerora etortzen zenean, dena gogoratzen zuen: pianoa no...
Seguran jaiotako Luis Sanchez Granjel mediku eta medikuntzaren historialariari buruz liburua aukeztu du Urkiak. Bizitzako lehen 12 urteek betiko nortasuna iltzatu zioten
«Bera bizi izandako etxera gerora etortzen zenean, dena gogoratzen zuen: pianoa non zegoen, etxeko gauza bakoitza nolakoa zen». Luis Sanchez Granjel mediku eta medikuntza-historialari maisua hala oroitzen du Mariajesus Telleria segurarrak. Unzurruntzaga 17an, Juanmielene edo Arrietane bezala ezaguturiko etxean, bizi izan zen Granjel, 1920an jaio zenetik 1932ra arte.Aita, Gaztelako Bejar herrikoa (Salamanca, Espainia), Segurako medikua zen; Mediku txikia izengoitiz gogoratzen dute herritarrek. Familia aitaren jaiolekura itzuli zen; bizitokia utzi zuen Luis Sanchez Granjelek; baina ez zen sorterriaz ahaztu. «Segurako seme sentitzen zen. Inoiz ez zuen lotura eten», dio Gerardo Sanchez-Granjel semeak.
Gerra ondoan Medikuntza ikasia, psikiatra modura urte batzuk lan egin zuen. Gerran idazle eta literato bokazioa piztu zitzaion, ordea, eta medikuntzaren historiara dedikatu zen.
Salamancatik Segurara so
Salamancako Unibertsitateko irakasle «garrantzitsu» izan zen, 1955etik 1986ra. Koldo Mitxelena —unibertsitateko irakasle, eta argitalpen zerbitzuko zuzendari izan zen— eta Matilde Martinez de Ilarduia senar-emazteak atari berean bizi ziren, 3.ean.
«Bi aberri zeuzkan, bi arima», oroitu du Salamancako Unibertstitateko gaur egungo argitalpen zuzendari Jose Luis de las Herasek: gaztelarra eta euskalduna. «Euskal Herriko historia sentitu, miretsi eta ikertu zuen, medikuntzaren atalean».
Lehenik, Espainiako medikuntzaren historia bildu eta xehetu zuen. 60 liburu baino gehiago atera zituen, tartean, oraindik gainditu ez diren ikerketa-bildumak. 1980an ekin zion Euskal Herriko medikuntzaren iragana arakatzeari; Bilbon eta Bizkaian batez ere, eta 1990etik aurrera Gipuzkoan, Jose Maria Urkia lagun zuela.
Zumaiako udaldietatik bueltan, Seguran geratzen ziren, gehienetan. Telefonoz alkatesari deitzen zion, berriak jakiteko.
Biografia liburua Seguran
EHUko irakasle eta medikuntza-historialari Jose Maria Urkiak Vida y obra de Luis Sanchez Granjel liburua egin du, familiak utzitako 20 kaxako artxiboan eta 1.000 eskutitz baino gehiagoan oinarritua. Segurako udaletxean aurkeztu zuten, larunbatean. Salamancako Unibertsitateak argitaratu du, 800. urteurrenaren barruan. 15 euroan salgai da.
Segurako Udalak 2002an omendu zuen Sanchez Granjel. 2009an, biblioteka pribatuko euskal gaiei buruzko 250 liburu eman zizkion medikuak herriari, eta geroago beste 600. Orain, euskal idazleen beste 120-140 liburu dohaintzan emango ditu familiak, 1810eko euskarazko dotrina bat tartean.
2014an hil zen Sanchez Granjel. «Baina Seguran segitzen du», ziurtatu du haren semeak.