Azaroan historiara begira jarriko ditu Burdinola elkarteak legazpiarrak. Gaur Jose Antonio Azpiazu historiagile legazpiarrak hitzaldia egingo du, eta gaur zortzi Iñigo Imazek
Jose Antonio Azpiazu idazle legazpiarra.
Burdinola elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu azarorako. Lehenengoa gaur izango da kultur etxean, 19:15ean, eta Jose Antonio Azpiazu historiagile legazpiarrak eskainiko du. Hitzaldian, argitaratu duen azken liburua hartuko du oinarri:
Juegos y apuestas en la Historia de Euskal Herria.Hurrengo hitzaldia gaur zortzi izango da, toki berean, 19:00etan, eta Iñigo Imaz Errenteriako historiagileak egingo du Burdinolako Txinpartak aldizkariaren ale berezirako ondu duen artikulua aintzat hartuta. Titulua honakoa da: ‘Familia, sociedad y poder. La transición del Antiguo Regimen en Legazpi’.
Burdinolak elkarteko bazkideei jakinarazi nahi die Jose Antonio Azpiazuren liburua %15eko deskontuarekin salduko duela hitzaldian bertan;
burdinolaelkartea@gmail.com helbidera idatzita ere lor daiteke, edo Pedro Vega bazkideari deituta (943 73 08 13). Halaber, honezkero ari dira Txinpartak aldizkariaren 39. alea prestatzen eta ekarpenak egiteko epea zabalik dagoela ohartarazi nahi diete bazkideei.
Burdinolak 25 urte
Aurten, hainbat legazpiarren bultzadaz, Burdinola elkartea sortu zela 25 urte betetzen dira eta urtemuga horren harira argitaratuko dute Txinpartaken 38. alea, ale berezia inondik ere.
Sortzaile haietako bat izan zen Jose Antonio Azpiazu, «1980ko hamarkadan
Ferrerias en Legazpia liburua argitaratu genuen eta publikazio hartatik sortu genuen Burdinola. Harreman estua daukat elkartearekin eta urtero ekintzaren bat egiten dugu elkarrekin».
Gaurko hitzaldian jokoei eta apustuei buruz egindako ikerketaren emaitzei buruz arituko da Azpiazu, «Legazpiko pasadizo berezirik ez dut aurkitu, baina beste herri batzuetan gertatu zirenak gertatuko ziren Legazpin ere bai». Ikerlari gazteak animatu nahi ditu gaiari heldu diezaioten, «badago non ikertu». Primizia moduan kontatu du pilotari buruzko ikerketa bat argitaratuko duela udaberrian.