Parketarrek ere, euskaraz
Gaur, 17:00etatik 19:00etara, Parketarrak egitasmoko saioak egongo dira Zumarragako Zelai Arizti parkean. Helburua parkeetan eta kalean euskararen erabilera handitzea daParkeak oso toki bereziak dira: haurrek elkarrekin jolasteko eta gurasoek elkar eza...
Gaur, 17:00etatik 19:00etara, Parketarrak egitasmoko saioak egongo dira Zumarragako Zelai Arizti parkean. Helburua parkeetan eta kalean euskararen erabilera handitzea da
Parkeak oso toki bereziak dira: haurrek elkarrekin jolasteko eta gurasoek elkar ezagutzeko balio dute. Sozializazio gune bat dira. Hori dela eta, oso garrantzitsua da parkeetan euskara erabiltzea. Parkean ezagutu eta elkarrekin euskaraz egiteko ohitura hartzen dutenek, euskaraz egingo dute parketik kanpo ere. Hala, Urretxuko eta Zumarragako udalek Parketarrak egitasmoa jarri zuten martxan duela urte batzuk. Bere helburua kalean eta parkeetan euskararen erabilera handitzea da.Horretarako, jolas saioak antolatzen dituzte urtean bi aldiz: udazkenean eta udaberrian. Udazkeneko lehen saioa gaur bertan izango da, Zumarragako Zelai Arizti parkean. Eguraldi txarra egiten badu, Euskadi plazan egingo dute.
17:00etatik 18:00etara, 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familiek Zabu Zibura jolastuko dute. Haurrak heldu batekin joan behar dira. 18:00etatik 19:00etara, berriz, 6-9 urte bitarteko haurrek Txirrintxonera jolastuko dute.
Udazkeneko bigarren eta azken saioa datorren asteko asteazkenean izango da, hilaren 21ean, Zumarragako Izazpi auzoko parkean. Eguraldi txarra egiten badu, ondoko kantxa estalian egingo dute. Datorren astean ere, 17:00etatik 18:00etara 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familiek Zabu Zibura jolastuko dute eta 18:00etatik 19:00etara 6-9 urte bitarteko haurrek Txirrintxonera.
2014tik, urtero
Parketarrak egitasmoa 2014an jarri zuten abian. «Aurreko legealdian Euskalgintza izeneko foroa abian jarri zen. Foro horretan familia transmisioa eta kirola lehenetsi ziren eta Urtxintxaren Parketarrak egitasmoaren berri izan genuen. Hala, Urtxintxarekin harremanetan jarri ginen», aipatu du Jexux Mari Alberdi Urretxuko Euskara teknikariak.
Udazkeneko saioak urrian izaten dira, baina aurtengoak apur bat atzeratu dituzte Euskaraldiarekin bat egiteko. Udaberriko saioak ekainean izaten dira.
Egitasmoak eman dituen fruituekin gustura ageri dira. «Hasieran, Urretxuko saioak euskaltegiko plazan egiten genituen. Egun, Barrenkaleko parke estalian egiten ditugu. Zumarragakoak, berriz, Zelai Ariztin eta Izazpi auzoan izaten dira. 20 bat lagunek parte hartzen dute. Helburua haurrek eta gurasoek elkarrekin jolastea eta jolas horiek euskaraz izatea da», amaitu du Alberdik.