Udazken giro ederrean ospatutakoa, aukera handiko feria izan da. Udazkeneko barazki asko daude aukeran, eta izotzik izan ez denez, udako batzuk ere puntu onean oraindik.
Gure lurraren emaitzetan eguraldiak azken hitza bere esan liteke, udaberriak eman ez zuena ari da udazkena ematen. Dena atzeratuta etorri da aurten eta izotzik ezean, udako hainbat produktuk bizirik diraute. Udaldia luzatzen ari da, batez beste gainerako urteen parekoa gertatzen ari dela esan daiteke, nahiz eta «xelebrea doa aurtengoa» etiketa ez duen galduko 2018ak.
Atzo bertako barazki berririk ez, aldiz, Nafarroatik ekarria kardoa 4 euroan zen salgai bakoitza. Laster desagertuko dira hemengo lekak, baina oraindik gutxi batzuk baziren, 5 euroan. Aire libreko piperrak ere ederrak ikusten dira. Eta tomateak, etxeko aire libreko baratzekoak jaten ari denik bada, baina ferian ia negutegikoak soilik dira salgai. Azalore koloretsuak arreta deigarri, laranja, more, berde argi eta betiko zuria. Brokoli, romanesku, aza mota ezberdinak, zerba, ziazerba, borraja, porru, tipula, baratxuri buru eta fresko, babarrun mota guztiak gehienak aletuak baina lekan ere bai oraindik… aukera zabala da. Hemengo frutei dagokienez laburragoa da zerrenda: mizpira, kiwia, udarea, irasagarra eta sagar mota ezberdinak.
Laster hasiko da kanpotik ekarritako marrubia gure merkatuetan. Baina hemengoari dagokionez lehen landareak atzo jarri ziren salgai. Luzez iraungo du honek, izan ere, negu bukaeran edo udaberri hasieran aldatuta ere laster loratu eta fruitua emateko prest egon ohi da, giroa lagun, udaberri erditsuan. Inork lanak aurreratu nahiko balitu bakoitza 0.80 euroan da salgai. Gainerakoan, udaberriko tipulina da salduena, borraja, otsail-martxoko brokolia, ilar landarea… aukera faltarik ez da landare postuetan.
Hik lan eta nik jan
Hala moduz egiten dugu oliba edo azeitunekin. Izan ere, oraintxe da horiek freskoan biltzeko garaia. Baina bildu eta gero, zer? Nola prestatu?
Platertxoan atera eta estimazio handia duen mokadutxoa da, aldiz, badira 40 bat urte Muñoztarrek Ordizian postua dutela eta «hemengo jendeak ez du erosteko ohiturarik, jatorriz Extremadura aldekoak eta adinean aurrera doanak dira bereziki hau erosten dutenak eta nola egin ere badakitenak» esaten zigun Vicente Muñozek. Urtea joan urtea etorri, ez da aldatzen. «Azeituna prestatua, berriz ,oso ondo saltzen da» zioen emazte Maria Luisa Mendizabalek. Baina nonbait, ez gaude lan horri heltzeko prest.
Olibei 20 bat egunez ura aldatuz garraztasuna ondo kentzean dago gakoa, eta zukutu edo zartatu ondoren norberaren gustuaren arabera gozatzea nahikoa omen da.
Zaila ez dirudien arren, frogatzeko asmorik ez dugu erakusten hemengoek.