Lazkaon goi mailako kantaldia egingo dute larunbatean Kantaka, Urmaiz eta Ezkio eta Itsasoko abesbatzek. Bi bakarlari eta profesionalen orkestra ere ariko dira. Doan da
Lazkaon lehen aldiz antolatu duten Udazkeneko Musika Zikloa larunbatean bukatuko da, hirugarren kantaldiarekin. Goitik bukatu ere. «Galdu ezineko» kontzertua antolatu dute Goierriko hiru abesbatzak, abeslari-bakarlari eta musika profesionalen orkestra batekin batera. Antonio Vivaldiren
Gloria bilduma interpretatuko dute. Kontzertua San Migel elizan da, etzi 20:00etan. Sarrera doan da.
Italiar barrokoko erakusgarri bikaina izango da kontzertua, Javier Alberdi zuzendariak aurreratu duenez. Bi atal izango ditu, ordubete inguruko iraupenean. Aurrena, Benedetto Marcelloren (1686-1739)
Tronpetarako Do-m kontzertua joko du orkestrak. Erlantz Fernandez ariko da tronpetari bakarlari. Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko katedraduna da.
Bigarren zatian, Vivaldiren
Gloria-ri ekingo diote, 12 ataldun meza sarkorra. «
Lau urtaro-en ondoren, Vivaldiren ospetsuena da. Indartsua baina aldi berean delikatua da aurrena, oreka behar duena.
Domine Deu, lasaia, pausatua, erlaxatua da», dio Ana Otxoa soprano bakarlariak.
Obraren kalitatea ez ezik, behar dituen ahots masa, bakarlariak eta orkestrazioa ere bereziki zaindu dituzte. Hiru koru goierritar batuko dira: Kantaka (Lazkao), Urmaiz (Ormaiztegi) eta Ezkioko eta Itsasoko Abesbatza.
Kontzerturako beren-beregi osatutako orkestrak lagunduko du. Musikeneko eta Francisco Escudero Kontserbatorioko musikari eta irakasle profesionalek osatu dute 13 kideko taldea. Tronpeta, lau biolin, biola, organoa eta beste ariko dira.
Ahots talde indartsua
Bestetik, Goierriko hiru koruetako 60 bat abeslari elkartuko dira. Hilabeteak daramate lanean; lehenengo bakarka, denak elkarrekin gero. «Koru txikiok guk bakarrik halako kantaldi bat egitea ezinezkoa da. Kantakakoek bai, beste martxa bat dutelako, zarzuelarekin eta. Beraz, oso motibagarria eta eskertzekoa da guretzat», azaldu du Ezkioko eta Itsasoko Abesbatzaren zuzendari Xabier Barriolak.
Kalitate goreneko kontzertua iragarri dute, bai tronpetaren atala, bai Vivaldiren
Gloria. «Herriak ez dezala aukera hau galdu. Txikitik handira egin dugu abesbatzok, halako proiektua aurrera ateratzeko batuta. Lana eta ordu asko eskatu du. Musikak pertsonak hobeak egiten laguntzen du», dio Belen Maizak.
Urtarrilaren 12an Ormaiztegin errepikatuko dute kontzertua.