Xalbador Garmendia idazle eta itzultzaile zaldibiarra hil da
Euskal letretako eta euskalaritzako langile Xalbador Garmendia Etxeberria (Zaldibia, 1932 Anoeta, 2018) hil da. Anoetan bizi zen aspaldiko urteetan, eta han zendu zen, atzo goizean. Zaldibian jaioa 1932ko irailaren 20an, idazle eta itzultzaile zen.Tol...
Tolosako Sakramentinoetan hasi zituen erlijio ikasketak. Musika ere landu zuen, eta organista jardun zuen igaro zen ikastetxeetan. Iruñean eta Erroman burutu zuen Teologia karrera. Zaldibian, 1968an, helduen abesbatza eta haurrentzat musika-klaseak antolatu zituen.
Zeruko Argia-n zuzentzaile, eta Egin egunkarian euskara arduradun lan egin zuen. Eusko Kontseilu Nagusiko (1978-1980) itzultzaile izan zen. Euskal Estatutua euskaratu zuen han.
Itzultzaile gisa, ekarpen oparoa da Garmendiarena. Saint-Exuperyren Printze txikia (1970), Garcia Marquezen Heriotza iragarritako baten kronika (1982) edo Camusen Gizon zuzenak (1967) euskaratu zituen.
Antzerkia biziberritzen
1960ko hamarkadan, euskal antzerkigintza berritzea zuen kezka bat. Historia triste bat antzezlana idatzi, eta 1965eko uztailaren 1ean egin zen jende aurrean. 1969an atera zuen Gabriel Arestik Euskal elerti 69 bilduman.
Euskara batuaren sorreran, deklinabideaz txostena eraman zuen Arantzazura, 1968an.