Sagar, sagar-goxo eta Goierri beheko ezti lehiaketak egingo dira, igandean .Uzta urte kaxkarra izan den arren, 9 ekoizle dira sariketan .Baserriko janarien azoka egingo da
Beste urte batez, eta 1996tik 18 aldiz, Gabirian Errezil Sagarraren Eguna ospatuko dute. Igandean izango dira azoka eta lehiaketak, plazan 10:00etatik 14:00etara. Errezil sagarra izango da arretagai nagusia, eta bere inguruko langintza, artea eta osagarriak feriaren hornitzaile.
Gabirian horren emankorra den eta herritik kanpora hainbeste estimatzen den bertako errezila izango da ardatz. 9 baserritatik aurkeztuko dituzte. Maila bereko hiru sari banatuko dituzte, iaz jaso gabeen artean. Sagar-goxo edo dultzea 16k egingo eta plazaratuko dute. Gabiriarrentzat soilik dira bi lehiaketak.
Bestetik, Goierri Beheko 20. Ezti Lehiaketa ere egingo da, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta. Bailarako erlezainek 10:00etatik 10:30era aurkeztu behar dituzte ezti potoak, eskolako dantzalekuan. Lehen aldiz, ezti horiek bisitarien artean banatuko dituzte gero, eta sari herrikoia izendatuko dute.
Egiten dena erakutsi
Sagarrondoen eta baserriaren fruitua ikusteaz gain, langintzaren xehetasunak ere ikasi ahalko dira. Josu Osa txertaketa eta inausketa aditua goiz osoan zalantzak argitzen ariko da, adibide praktikoekin. Jakoba Errekondo agronomoak ere, bigarren urtez, baratzegintzari buruzko jakintza zabalduko du.
Lontxo Ormazabal sukaldariak sagar-konpota berezi bat prestatuko du, jendaurrean. Talo eta urdaiki egin berriak jateko aukera ere izango da.
Baserriko elikagaien azokan 13 postu egongo dira. Partaidetza oparoa nabarmendu du Gabino Muruak, Erbie elkarteko antolatzaileak. Modu batera edo bestera, 23 baserri dira partaide. Nekazariak zoriondu ditu Iñaki Etxezarreta alkateak. «Urte guztiko beraien lana azaltzen da ferian. Lan hori tarteko, herriari kolore berezia eta bizia ematen diote». Jendea animatu du, etzi joateko eta jakiak erosteko.
2018ko sagar uzta orokorraren balorazioa ere egin du Muruak. «Uzta ez da ona izan, eta espero genuen. Iazkoa izugarri ona izan zen, eta bagenekien, horren ondorioz, aurten urte kaxkarra izan zitekeela. Horrez gain, udaberria izugarri bustia izan zen».
Beste behin, sagarra urtero izateko, neurriak hartzearen garrantzia oroitarazi du Muruak. Barietate eraginkorrak landatuta, batetik: «M-9 patroira, sagarrondo nanoetara jo behar da, alea eskuz bakantzeko».
Bestetik, arbolak ale asko duenean, «bakandu» beharra defenditu du, eta ureztatu beharra dagoela. Liztor beltz edo asiarraren erasanaz kezka agertu du, errezil sagarra ere asko kaltetzen baitu.
Errezil Sagarraren Eguna
Gabirian, igandean
· Azoka. Etzi, 10:00-14:00. Plazan.
· Lehiaketak. Errezil sagarra (3 sari) eta sagar-goxoa (1), herritarrentzat). Goierri beheko eztia (3 sari; 10:00-10:30 artean aurkeztu)
· Lehiakideak eta postuak. Errezil sagarretan 9, sagar-goxotan 16, azokan 13. Denera, 23 baserri.
· Adituen azalpenak. Josu Osa (txertaketa-inausketa); Jakoba Errekondo (baratzea); Lontxo Ormazabal (konpota egiten).
· Zozketak. Azokako erosleentzat: sagar saskikada, Baztarrikako gazta, Kortako sagar-tarta.