Bihar, Igartzako jauregian, 16:00etan, hasiko dira Musikene musika ikastegiko hamaika ikasleren entzunaldi publikoak. Bi euskal herritarrek hartuko dute parte
Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekaren hirugarren edizioa izango da bihar, 16:00etan hasita, Igartzako jauregian. Herrian musika zaletasuna sustatu eta talentu berriak ezagutzera emateko helburuarekin sortu zen Igartza Musika Beka. Honela, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleak euren onena eskainiko dute bihar.
Master Bekako bost hautagai izango dira jotzen lehenak: biolontxelo, kontrabaxu eta hiru biolin ikasle. Hautagai bakoitzak 20 minutuko saioa eskainiko du. Ondoren, 18:30ean, Gradu Bekako 6 hautagaien txanda izango da. Arpa, piano jazz, akordeoi, saxofoi, biolin eta klarinete ikasleek 15na minutuko saioa eskainiko dute. Bekaren irabazleak aukeratzeko entzunaldi edo kontzertu labur horiek irekiak dira. Epaimahaiari dagokionean, Sorkunde Idigorasek, Karsten Dobersek, Alvaro Zendoiak eta Arantxa Gastesik osatuko dute. Entzunaldi guztiak amaitzean epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da. Gradu bekako Musika Ikasketetako ikasle aukeratuak 2.000 euroko beka jasoko du eta Musikeneko Master ikasleak, 3.000 euro. Irabazleek datorren udaberrian kontzertua ere eskaini beharko dute Igartzako jauregian.
Igartza Musika Beka Musikenen ikasten duten ikasleei zuzendutako beka da, «euskaldunak nahiz atzerritarrak, denak musikari gazteak, etorkizunekoak eta talentudunak».
III. Igartza Musika Beka
· Master ikasleak (16:00etan). Aria Kitaguchi (Japonia, biolina), Guillermo Lopez (Asturias, biolontxeloa), Fernando Jose Pina (Cadiz, biolina), Oscar Sanchez (Malaga, biolina), Pablo Salvador Solari (Txile, kontrabaxua).
· Graduko ikasleak (18:30ean). David Cid (Gasteiz, piano jazz), Lena François-Poulet (Baiona, akordeoia), Luis Gonzalez (Sevilla, saxofoia), J. Ignacio Lopez (Sevilla, biolina), Mina Schmitt (Frantzia, arpa) eta Luz Sedeño (Granada, klarinetea).