Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak hitzarmena sinatu dute urritasuna duten haurrek kirola egiteko aukera izateko. Sei pertsonek osatzen dute Ordiziako taldea
Bittor Bolinaga, Amaia Elizondo, Jose Migel Santamaria eta Igor Otaegi, Majoriko igerilekuan / A. Vierbücher
Eskola kiroleko programan parte hartzeko zailtasunak dituzten gaztetxoei kirol hastapenerako esparru bat eskaintzeko beharra dela eta, hitzarmena sinatu dute Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak. Jarduera honekin, urritasuna duten haurrek motrizitatea, autonomia eta sozializazio gaitasuna garatu ahal izango dute.
2017tik martxan dago eskola kirol egokituko programa Ordizian. 2018-2019 ikasturtean eskola kiroleko programa hau, Gipuzkoako 12 udalerritan eskaintzen ari dira, Ordizia barne. Une honetan eskola kirol egokituko sare honek 185 haur eta gazte biltzen ditu. Ordiziaren kasuan, une honetan sei dira programa honetan parte hartzen ari diren haurrak. Astean bi entrenamendu saio egiten dituzte, Urdaneta eskolan eta Majori kiroldegian.
Proiektuaren ildoak
Eskola kirol egokituaren proiektuaren ildo orokorrak planteatzen direnean, honako helburu hauek jarraitzen dira: multikirol hastapen eskola bat sortzea taldeari egokitutako programa batekin; urritasun egoeran dauden haurren kirol eskaintza beharra asetzea; ariketa fisikoa sozializaziorako tresna bezala erabiltzea; helburuen lorpenekin haurren autoestimua hobetzea; haurren psikomotrizitatea hobetzea; osasunaren eta bizi kalitatearen zenbait arlo hobetzea ariketa fisikoaren bitartez; obesitatea eta sedentarismotik eratorritako zailtasunak ekiditea; eta urritasun egoeran dauden haurrengan bizi ohitura onuragarriak indartzea eta ariketa fisikoarenganako lotura bultzatzea.
Helburuak aurrera eraman ahal izateko, langile talde kualifikatua dago lanean. Koordinatzaile bat eta hiru begirale ari dira une honetan Ordiziako taldean. Izan ere, haur taldea anitza da, urritasun desberdinak dituzte (urritasun fisikoa, adimen urritasuna, autismoa edota gaixotasun arraroak).
Programa honetan parte hartzeko interesa duten haur gehiago egon daitezkeenez, pausoak ematen jarraitzeko, herriko ikastetxeekin harremanetan dago federazioa.