Goierriko orfeoiaren lehen notak
Vivaldiren 'Gloria' kantatzeko batu dira Kantaka, Urmaiz eta Ezkioko eta Itsasoko Abesbatza, Loinatz eta Miranda Ebroko lagunekin. Txiki utzi dute Lazkaoko eliza, kontzertu handian.Osagaiak lehen mailakoak zituen kontzertuak, eta azken platerak ez du h...
Vivaldiren ‘Gloria’ kantatzeko batu dira Kantaka, Urmaiz eta Ezkioko eta Itsasoko Abesbatza, Loinatz eta Miranda Ebroko lagunekin. Txiki utzi dute Lazkaoko eliza, kontzertu handian.
Osagaiak lehen mailakoak zituen kontzertuak, eta azken platerak ez du hutsik egin. Goierriko hiru abesbatzak larunbatean Lazkaon egindako kontzertua gogoangarria izan da, eta bategitearen indarra zenbaterainokoa den ozen abestu dute: ahots koruen arloan eskualdean dagoen potentziala hor dela aldarrikatu dute, elkartu, proiektu anbiziotsuak eraiki eta distira ateratzeko prest.Ia 80 abeslari batu dira Antonio Vivaldiren Gloria meza entzutetsua abesteko (Rv-589). Printzak atera dizkiote 12 zatiei. Gloria sarrera ospetsuarekin hasi, eta txaloentzat etenik gabe —tarteetan ez jotzeko eskatu zuten—, azken Cum sancto spiritu-raino. Gehigarri, Gloria opari berriz, txalo jotze luzeagatik.
Bederatzi hilabeteko lana hartu eta egin dute Urmaiz (Ormaiztegi), Kantaka (Lazkao) eta Ezkioko eta Itsasoko Abesbatza koruek. Lazkaotarren aldetik erne zen ideia. Larunbatean, Beasaingo Loinatz abesbatzako kantari batzuek eta Miranda Ebroko koruko 12 emakumek —Urmaizekoekin dute harremana— lagundu zieten. Javier Alberdik (Kantaka) zuzendu zituen Goierriko orfeoia izan daitekeenaren ernemuina, eta espreski eraturiko 13 musikariko orkestra. Bukaeran, jendaurrera irten ziren beste zuzendariak ere, Urmaizeko Alberto Saez eta Ezkio eta Itsasoko Xabier Barriola.
Urtarrilean Ormaiztegin
Erlantz Fernandez tronpetari bakarlariaren emanaldiarekin hasi zen kontzertua. Benedetto Marcelloren Do-m tronpeta kontzertua jo zuen, orkestrak lagunduta. Tronpeta txikiaren soinu gozoak italiar barrokoaren espirituz busti zuen eliza.
Bigarren zatian, indartsu aritu zen ahots multzoa. Ana Otxoa sopranoak eta Lucia Gomez mezzosopranoak uztartu zituzten Gloria-ren pasarteak, bakarkako kantuak interpretatuta. Orkestra, Musikeneko eta Francisco Escudero Kontserbatorioko irakasleek eta profesionalek osatua, maisuki aritu zen.
Lazkaoko Udazkeneko I. Musika Zikloa ixteko kontzertua izan zen. Eliza jendez erabat bete zen; sarrea doan zen, azkenean.
Vivaldiren Gloria-ren Goierriko loria entzuteko beste aukera bat izango da: Ormaiztegin, urtarrilaren 12an. Orkestrazio murritzagoarekin izango da hori.