Lazkaon saskibaloi taldea berriro
Hamar urte baino gehiago egon da Lazkao federatutako saskibaloirik gabe. Agorraldia bukatu da. Neska infantilen taldea sortu dute aurten, eta Gipuzkoako lehiaketa ofizialean ari da jada.Hamar neskatok osatu dute Laz-kaok aspaldian izan duen aurreneko s...
Hamar urte baino gehiago egon da Lazkao federatutako saskibaloirik gabe. Agorraldia bukatu da. Neska infantilen taldea sortu dute aurten, eta Gipuzkoako lehiaketa ofizialean ari da jada.
Hamar neskatok osatu dute Laz-kaok aspaldian izan duen aurreneko saskibaloi talde federatua. Kolore grisa, beltza eta arrosa bizia konbinatuta diseinatu dute kirol jantzia. Gutxieneko azpiegitura horrekin, eta gurdikada gogorekin, dagoeneko lehian ari dira.Urtarrilean hasi ziren entrenatzen, euren kabuz. 2018-2019 denboraldia zuten begiz jota, eta hor debutatzeko ahaleginean jardun dira, «martxa hartzen eta kailua egiten», 9 hilabetean.
Aurten hamabi urte beteko dituzten neskak dira, 2006an jaioak. Olaberrikoa da bat, eta gainerako bederatziak lazkaotarrak. Entrenatzaileak Iñaki Belamendia eta Sergio Salamanca dituzte, taldeko bi kideren aitak. «Ibilitakoak gara gu ere, ni gehiago entrenatzaile, eta Sergio jokalari. Bi esparruak hartzen ditugu», azaldu du Iñaki Belamendiak.
Eskola Kirolaren jarraipentzat hartu dute jarduera, ekainean bukatu baitzitzaien aukera hori. «Gustura ibili ziren, eta jarraitu nahi zuten. Gustatuko litzaidake, gure ereduari jarraituta, guraso gehiago animatzea eta talde gehiago martxan jartzea. Haurrek ondo pasatzen dute».
Maiatzera arte
Gipuzkoako esparruan ari dira lehian, irailetik. Infantilean dauden bi azpisailetan beherekotik abiatu dira, Partaidetza deritzonetik. Orain jokatzen ari diren fasean, talde bakoitzeko bi lehenak liga batera igaroko dira, eta gainontzekoak beste batera. Maiatzaren hasierara arte iraungo du denboraldiak.
Bien bitartean, Gipuzkoa guztian ibiliko dira: Aretxabaletan, Tolosan, Beasainen (bi talde daude), Legorretan… Legorretan ere aurten hasi dira, zortzi neskatorekin. Eta, noski, etxeko partidak Lazkaon jokatuko dituzte, berriro saskibaloi giroa ekarriz.
Entrenamenduak asteazkenetan eta ostiraletan egiten dituzte, ordu eta erdiko saioetan.
Behinola, kadete, jubenil eta senior mailetan izan zituen Lazkaok saskibaloi taldeak.