Santa Zezilia egunez, musika nonahi

Goierriko hainbat herritan kontzertuak, kalejirak eta bestelakoak ekarriko ditu Santa Zezilia egunak. Legazpin, Juan Mari Beltranek kontzertua egingo du igandean

Legazpiko_Santa_Zezilia_ko

Musikarien zaindari Santa Zeziliaren eguna da bihar, osteguna. Jai eguna ez bada ere, Goierriko herri gehientxuenetako agendetan ederki nabarituko dute. Izan ere, kontzertu, kalejira edota bestelako ekintzak antolatu dituzte han eta hemen, azaroaren 22an ohikoa den moduan.

Goierriko herri gehienetako musika eskoletako ikasleek, trikitilari taldeek, abesbatzek, musika bandek edota musika arloan aritzen diren beste talde batzuk emanaldiak egingo dituzte modu batean edo bestean.

Tobera musika eskolako ikasleek, adibidez, lehengo eta gaurko abestiak prestatu dituzte bihar, osteguna, egingo duten kontzerturako. Hitzordua, Zegamako gimnasioan izango da, 18:30etik aurrera. Kontzertuaren aurretik, Toberako trikitilari taldeak kalejira egingo du plazatik gimnasiora.

Urretxun eta Zumarragan ere ospatuko dute Santa Zezilia. Biharko eta larunbaterako egitarau betea antolatu dute. Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek irekiko dute egitaraua bihar. Lehenik kalejira egingo dute, 17:30ean hasita. Ibilbidea, Zumarragako Euskal Herria plazan amaituko dute eta han, txokolate jana egingo dute.

Beasainen, ere izango dituzte hainbat ekitaldi. Horietako batLoinatz musika eskolako ikasleen kontzertua izango da. Igartza jauregia izango dute eszenatoki eta 19:30ean hasiko dira.

Bestalde, Legazpin ere egitarau oparoa izango dute asteburuan. Nabarmentzekoa da igandean izango den Soinu tresnak euskal herri musikan kontzertua, Juan Mari Beltran eta bere lagunen eskutik. Latxartegin izango da, 12:30ean hasita.

Ordizian, larunbatean egingo dituzte Santa Zeziliaren omenezkoak eta Lazkaon, gaur, 16:15ean hasita, musika emanaldiak egingo dituzte herriko gune desberdinetan, besteak beste.

Egitaraua

Beasain
· Bihar: 18:00etan, txokolate bero jana. 18:30ean, Musikalean, bandarekin eta txistulariekin. Loinazko San Martin plazan. 19:30ean, Loinatz Musika Eskolako ikasleen kontzertua. Igartzako jauregian.

Lazkao
· Gaur: 16:15ean, musika emanaldiak herriko gune desberdinetan. 18:00etan, txokolate jana pilotalekuan. Maurixiak trikiti-konbo taldearekin

Legazpi
· Larunbatean: 19:00etan, Santikutz abesbatzaren, Goiz Deia txistularien, Alaitasuna errondailaren eta musika bandaren kontzertua, parrokian.
· Igandean: 09:00etan, Goiz Deia txistularien kalejira. 12:30ean, Latxartegi aretoan, Soinu tresnak euskal herri musikan kontzertua Juan Mari Beltran eta bere lagunekin.

Ordizia
· Larunbatean: 19:30ean Beti Argi Bandaren kalejira. 20:00etan Ordiziako txistularien kontzertua.

Urretxu-Zumarraga
· Bihar: 17:30ean,  Secundino Esnaola Musika Eskolako ikasleen kalejira eta txokolate jana Euskadi plazan. 19:00etan, Urretxuko eta Zumarragako txistulari elkarteen kalejira .
· Larunbatean: 11:30ean Iparragirre Balerdi musika banda eta Iratzarri dultzaineroen kalejira. 13:00etan Secundino Esnaola musika eskolako Big Band-aren emanaldia, Areizaga-Kalebarren plazan. 19:00etan Zumarraga musika bandaren kalejira. Bestalde, txistulariek eta Goiargik ere kalejira egingo dute.

Zegama
· Bihar: 18:15ean, Tobera musika eskolako trikitilarien kalejira, 18:30ean, kontzertua gimnasioan.

 

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend