Askatasun bulkadak independentziara!

GUTUNA – Maddi Jauregi (Goierriko Ernai-ren izenean)

gutunaBulkada berrien garaia da! diogu gazte antolakuntza eta borrokaren 40. urteurreneko dinamikan. 40 urte dira Gazte Antolakundea sortu genuela, gazteok gure problematikak zentroan jarri eta errealitatea gure indarrak batuz iraultzen hasi ginela. Harro egoteko bidea egin dugu, harro gaude eta hori ospatuko dugu orain arteko kideekin, baina batez ere etorkizunean bidelagunak izango ditugunekin. Horiekin osatuko baititugu bulkada berriak, Euskal Herria aske, sozialista, feminista eta euskalduna eraikiko dutenak.

40 urte hauetako ibilbideak isla izan du Euskal Herriko txoko guztietan, baita gurean ere. Isla horren oihartzuna, aldiz, ez da guk nahi bezala transmititzeko aukerarik izan, espetxea eta errepresioa beti izan baititugu estatu espainiar eta frantsesaren partetik. Hala ere, guk gure historia egin eta egungoa eraikitzen lagundu dugu. Eta nola ez, hau kontatzea ere guri dagokigu. Horregatik, dinamika hau erabiliko dugu gure memoria eraikitzeko, gure errealitatea zein izan den kontatuz eta historian merezi duen txokoa eskainiz. Egun ematen ari diren memorien eraikuntza horretan gureak ere lekua izan behar duela aldarrikatuko dugu!

Eta nola ez, urtero bezala, aurtengo udaberrian ospatuko dugun gazte topagune erraldoia antolatzen ari gara dagoeneko. Apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Lemoan elkartuko garen milaka gaztek Askatasun bulkadak independentziara! ozen oihukatuko dugu bertan. 40 urtetako borrokaren lekukoa hartu dugu eta aske izateko bidea egiten ari gara. Hamaika esparrutan antolatzen eta borrokatzen gara Ernaiko zein Aitzinako kideok: Mugimendu Feministatik hasi eta euskalgintzara; sexu askapenetik preso, iheslari eta deportatu politikoen kaleratzera. Sormena lanabes, ehundaka borroka elkarlotu eta elikatzen ditugu.

Bonoak dagoeneko salgai daude Beasaingo Arranon eta Urretxuko Osaba tabernetan. 45€ko hasierako prezio batetik abiatuko da. Baina bixkor ibili, abenduaren 15era arte izango baitu koste hori, ordutik aurrera garestitu egingo da!

Aske izan nahi dugula aldarrikatuko dugu, garen moduan aske, Euskal Herri librean. Sozialismoa eta feminismoa marraztu nahi ditugu, kapitalismo heteropatriarkalaren kateak hautsi eta alternatiba badagoela erakutsiz. Momentuak eskatzen duelako, orain egin nahi dugu eta egiten ari gara. Gazteon garaia delako, askatasun bulkadaz Euskal Herria independentziara eramatera goaz!

Eta zu, bazatoz?

– Maddi Jauregi (Goierriko Ernai-ren izenean)

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend