Jaien lehen txanpa Ormaiztegin

Aste hasieratik Ander Deunaren jaietarako prestatzen ari da Ormaiztegi. Datorren asteburuan eta hurrengoan bilduko dira ospakizun nagusiak

Ormaiztegiko_Elegante_Egun

Aurreko asteleheneko paperezko eskulan tailerraren aurkezpena da Ormaiztegiko Ander Deunaren jaietako egitarauak jasotzen duen lehenengo ekintza. Azkenak abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltako ospakizunak dira. Tarte horretan ospatuko dituzte Ormaiztegin urteko jai handiak. Aurten, gainera, Euskaraldiak iraungo duen tartearekin bat egingo dute jaiek. Jubilatuak, aste hasieratik eta jaien harira, hainbat jokotan lehian ari diren arren, festa hotsak gero eta ozenago entzungo dira bihartik aurrera. Aitzitik, festen hasiera ofiziala azaroaren 29ra arte, gaur zortzi, ez da izango. Datozen egunotako ospakizunak, horrenbestez, atarikoak dira.

Atarikoak izanda ere, ekintza ugari bildu dituzte asteburuko egitarauan. Akaso, denetan nabarmenena Eleganteen VI. Bilkura da. Izan ere, Ormaiztegik bi mende atzera egingo du jantzietan, autoetan, dekoratuetan, pintxoetan eta gozoetan ere bai. Aurtengoa Pintxo Eleganteen V. ekitaldia izango da. Parte hartuko duten lau tabernetako sukaldariek derrigor erabili beharko duten osagaia piperra da. Pintxo onenak garaikurra jasoko du eta botoa ematen dutenen artean Kuko jatetxean bi lagunentzako otordua zozkatuko dute.

Ormaiztegiko_Elegante_Egun-1Eleganteen bazkaria karpan egingo dute etzi eta egitarauan azpimarratu dute karpan berogailua egongo dela. Litekeena da XIX. mendeko eta XXI. mendeko eleganteek bat egitea bertan. Bazkaria Ormaiztegiko gazte taldeak antolatu du.

Arratsalde partean, Zumalakarregi museoaren eskutik, txokolatea eta bolatuen prestaketa egingo dute eliz atarian; prestatu soilik ez, dastaketa ere egingo baitute ondoren. Hainbat gozogileren laguntza jasoko dute, hala nola Inazio Egaña (Egaña gozotegia, Azpeitia), Juanjo Baztarrika (Muruamendiaraz gozotegia, Elgoibar) eta Joxe Mari Unanuenerena (Unanue, Ordizia).

Elegante egunaz gain, asteburuak bilduko dituenen artean gazteek antolatutako kontzertuei jar dakieke azpimarra. Aurten ez da txosna gune berezirik egongo, gazteen txosna plazako karpara aldatu baitute. Bihar eta etzi gauerako antolatutako kontzertuak han izango dira.

Euskaraldi osoa

Halaber, aurtengo Ormaiztegiko jaiek Euskaraldiarekin bat egingo dutenez gero, Euskaraldiari ongi etorria egingo diote bihar mosaiko erraldoia osatuz; Muxika plazan izango da. Jaiak abenduaren 3an, Euskararen Egunean amaituko dira eta eguerdian ikasleek, irakasleek zein gurasoek euskararen kalejira egingo dute Andres Deuna herri eskolaraino. Ondoren, Euskaraldiaren amaiera ekitaldia izango da.

Abenduaren 3a iristi aurretik, alabaina, asko dago ospatzeko Ormaiztegin. Hasi asteburuko eleganteetatik, Ander Deunaren egunetik pasa eta mozorroen egunetik igarota Odolki Egunera arte.

Liburutegi berriak lehenengo ipuin kontaketa hartuko du gaur

Gizarte Etxean kokatutako Udal Liburutegi berriak Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa hartuko du gaur 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta; bertan egingo den lehenengoa da. Joxe Moxe kitarraren etxean kontatutakoak da ipuin kontaketaren titulua. Saioa 17:00etan hasiko da.

Argazki zaharren erakusketa jaietan Iriarte Goena etxean

Iriarte Goena etxeko beheko solairuak Ormaiztegiko eta inguruko herrietako argazki zaharren eta bestelako objektuen erakusketa hartuko du aurtengoan ere. Heliodoro Etxeberriak antolatutako erakusketa da. Bilduma azaroaren 30etik abenduaren 2ra irekiko dute.

Euskal txapelari buruzko bilduma ikusteko azken egunak dira

Zumalakarregi Museoan ikusgai dagoen Txapela… noiztik? erakusketaren azken egunak dira. Ekainean zabaldu zuten eta abenduaren 2an itxiko dute. Erakusketan euskaldunen sinbolo den txapelaren inguruko jakingarriak bildu dituzte.

 

Captura de pantalla 2018-11-22 a las 09.50.02

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend