Beasaingo udal gobernu taldearen esanetan, «herritarren ongizatean eragiten duten aurrekontuak» dira osatu dituenak. Oposizioko taldeekin partekatu eta ekarpenak jaso nahi ditu
«Udalerri atseginago eta erosoagoa eraikiz, pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko» helburua duen 2019rako udal aurrekontu proposamena aurkeztuko du udal gobernu taldeak osteguneko udalbatzan. «Oposizioko taldeekin partekatu ondoren, orain arte bezala, euren ekarpenak jaso eta guztien artean aurrekontu proiektua osatzeko borondatea» du gobernu taldeak. Udalaren aurrekontu propioa 16.062.725,35 eurokoa izango da 2019an.
Langabeziari aurre egiteko enplegu planak jarraipena izango du datorren urteko udal aurrekontuan, «ekintzailetasuna sustatzeko aukera berriak aztertuz». Ekonomiaren sustapenari dagokionean, Ezkiaga auzoan azoka ezartzeko azterketa egingo dute tokiko baserritarrekin. Bestalde, merkataritza babestu eta sustatzeko telefono mugikorretarako aplikazioa sortu eta erosketak gordetzeko kontsigna digitalak jartzeko aukera landuko dute.
Herritarren ongizatea
Herritarren ongizatearekin lotuta, «zahartze aktiboak pisu handia izaten jarraituko du, eta ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak handituko dira». Honela, adineko pertsonei eta bakarrik bizi direnei etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ordu kopurua handituko da, horretarako aurrekontua %15 igoz. Babespeko laugarren etxebizitza ere irekiko dute.
Egitasmo berrien artean, adineko pertsonei buruzko diagnosia egingo dute
A tiempo izeneko programarekin, 80 urtetik gorako herritarren etxeetan ke detektagailuak eta herriko zenbait kaleetan desfibriladoreak jarriko dituzte. Itsuentzako lehen semaforoa jarriko dute Juan XXIII.a kalean. Bestalde, haurren parte hartzea sustatuko duen proiektua martxan jarriko da, hirigintza ikuspegitik euren ekarpenak jasotzeko.
Arana kaleko bizilagunekin
Arana Elkar-Ekin egitasmoaren bidez lanketa berezia egingo dute, «bertako egoera aztertu eta elkarbizitza hobetzeko». Azkenik, «herritarren segurtasunari begira, udaltzaingotik eskaintzen den zerbitzua hobetzeko, urteko 365 egunetan lanean egoteko baliabide gehiago jartzea aurreikusi dute.
Ongizatearekin lotuta, «ezinbestean berdintasuna ere jomugan» izango du udal gobernuak: Iraitz Agirre antropologoak Beasaingo emakumeari buruz egindako azterketa, Herrilab proiektuaren hurrengo fasea eta emakumeen presentzia kirolean sustatzea.
Higirintzan, guneen eta auzoen hobekuntzak
Hirigintzaren alorrean, herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraitzeko asmoa du udalak, «mantentze lanei garrantzia berezia emanez». Berrikuntzei dagokienean, Igartzako Monumentu Multzoko aldaparoa eta urmaela txukunduko dituzte, lorategiekin batera. Burdinolan ere hobekuntzak egitea aurreikusi dute. Udalerriko toki adierazgarrienen argiztapen proiektuarekin aurrera jarraituko dute eta Erauskin plazaren eraberritzearekin lotuta, komun publiko berriak jarriko dituzte. Gernika pasealekuan, berriz, aparkalekuen kopurua handitu eta zorua berrituko dute.
Olaran eraikineko egokitzapen lanek aurrera jarraituko dute eta «izan ditzakeen erabilerak» aztertuko dituzte. «Horien artean, gazteei zuzendutako alokairuko etxebizitzak, enpleguari eta industriari lotutako ekimen eta beste hainbat beharren inguruko gaiei buruzko azterketa egingo da».
Hirigintzarekin jarraituz, Dolarea parkea birgaitzeko proiektuak eta Igartza-Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak lekua izango dute aurrekontuan, baita Porteria eremuan errekaren uholdegarritasun arriskua ekiditeko egingo dituzten lanek ere.
Kultur arloan, Bonberia eraikina dantzarekin lotutako gune izateko aktibatuko da.