Aurreko uztailean Legazpiko udalbatzak merkataritza biziberritzeko plan berria onartu zuen eta datozen larunbatean eta igandean egingo duten Olentzero Azoka planaren karietara sortu dute. Azokak Mirandaolara Olentzerori bisita egitera iristen diren bisitariak erakarri nahi ditu; hala ere, legazpiarrak ditu jomugan. Jasangarritasun irizpideak barne hartuko ditu eta merkatariek Gabonetako opari eskaintza azokara aterako dute.
Azokaren aurkezpena egiteko antolaketan parte hartu duten eragile ugari bildu ziren udaletxeko batzar areto nagusian. Eric Galvez zinegotziak hitza hartu zuen, «azaro eta abendu partean Mirandaolara Olentzerori bisita egitera datozen bisitariak 10.000 inguru direla aintzat hartuta, Olentzerorekin zerikusia zuen azoka bat antolatzea pentsatu genuen».
Prestatu duten egitarauan Sorgintxulok, ETBko Go!azen eta 3zpa4 telebista saioetan parte hartzen duten legazpiarrek, Telleriarteko talogileak eta Doinua musika eskolako ikasleek parte hartuko dute, besteak beste. Irailean hasita, azokaren lanketa oparoa izan da eta Agenda 21eko Foroan ere gaia jorratu dute; hala, jasangarritasun irizpideak barne hartuko dituzte eta postuak Legazpiko enpresa batek utzitako paletekin egingo dituzte, karteletarako material birziklatuak erabili dituzte, bertako produktuak lehenetsiko dituzte eta jarriko duten noria motorrik gabekoa izango da.
Agerraldian Ilintiko lehendakari Carlos Villacortak elkarteak Legazpin «kontsumo jasangarria eta orekatua» sustatzen duela esan zuen. Maria Pavon Goierri garaiko merkataritza bulegoko arduradunak Olentzero Azo- ka ez dela «mauka azoka» izango nabarmendu zuen. Uggasako Josune Makaiak azoka «eragileen arteko elkarlanaren adibidea» dela erantsi zuen. Areago, Olatz Conde Lenbur fundazioko ordezkariak lantaldean sortu den «energia positiboari» egin zion azpimarra.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.