Jai giroko ekitaldiekin abiatu da Euskaraldia Goierriko hainbat herritan. Hartutako konpromisoak bete eta euskara erabiltzean jarri dute orain arreta
Hamaikakoak osatu dira, herritarrek atxikimendua eman dute, eta txapak banatu dira. Hasi da Euskaraldia, eta harekin batera, baita Ahobizi eta Belarriprestek hartutako konpromisoak martxan jartzeko garaia ere. Ostiralean eta larunbatean, hainbat ekitaldi egin dituzte Goierrin, Euskaraldiari ongietorria emateko.
Ordizian udaletxeko balkoitik eman zioten hasiera Euskaraldiari, eta plazan eta tabernetan jarraitu zuten festarekin. Beasainen, Takolo eta Pololo pailazoek alaitu zuten plazapeko ekitaldia. Zaldibian, berriz, kantu eta dantza artean egin zioten ongietorria. Seguran, bingo herrikoia izan zuten, eta Zegaman, bertso afaria. Ez hori bakarrik, Euskaraldiari babesa emateko argazkia ere atera dute asteburuan; Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzek ere emanaldi berezia egin zuten. Urretxun eta Zumarragan, txapak banatzen aritu ziren larunbat goizean.
Euskaraldiak babes zabala jaso du Goierrin, «espero baino handiagoa» zenbait herritan. Hala, Idiazabalen esaterako, txapak bukatu egin zaizkie, eta gaur iritsiko dira berriak. Izena emateko azken eguna gaurkoa denez gero, oraindik bada liburutegitik pasa eta jasotzeko aukera.
Datozen egunetan ere izango dira ekitaldiak Goierriko herrietan. Garrantzitsuena ordea, egunotan esandakoak praktikan jarri eta euskara erabiltzea dela gogorarazi dute bultzatzaileek.
Euskaraldiko ekitaldiak
Gaur
· Zegama. Euskararen aldeko mezuekin murala egingo dute, 16:30ean, plazako kioskoan.
· Lazkao. Mintzodromoa, 19:00etan, plazako pilotalekuan.
Bihar
· Beasain. Euskararen erabilerari buruz mahai-ingurua. Hizlariak:?Idurre Eskisabel, Aitor Sarriegi, Lorea Agirre eta Ekaitz Goikoetxea. Moderatzailea:?Joseba Imaz.?Aurkezlea:?Irati Goikoetxea. 18:00etan, Igartzan.
Etzi
· Segura. Euskara eta kirola mahai-ingurua (ordua eta lekua zehazteke daude).