'El pintor de sonrisas' eleberria aurkeztuko du gaur kultur etxean, 19:00etan. Romerok (Quintana de la Serena, Badajoz, 1958) argitaratzen duen bigarren nobela da.Bigarren nobela argitaratu duzu. Oraingoan ez duzu 'Ganbarako etxea' eleberriarekin bezal...
‘El pintor de sonrisas’ eleberria aurkeztuko du gaur kultur etxean, 19:00etan. Romerok (Quintana de la Serena, Badajoz, 1958) argitaratzen duen bigarren nobela da.
Bigarren nobela argitaratu duzu. Oraingoan ez duzu ‘Ganbarako etxea’ eleberriarekin bezala koedizioaren formula erabili, crowfounding-ena baizik. Nolatan?
Aurreko nobela lehiaketa batera bidali nuen eta ez nuen saria irabazi, baina argitaratzeko prest zeudela esateko idatzi zidaten Tandaia Konpostelako (Galizia) argitaletxeak.
Ganbarako etxea koeditatu genuen eta bigarren edizio bat ere egin genuen formula hori bera erabilita.
El pintor de sonrisas eleberria amaitu nuenean idatzi egin nien eta beste lan batzuk banituela adierazi nien. Lan hau bidali eta, irakurketa batzordeko kideek irakurri ondoren, argitaratuko zutela esan zidaten. Bi aukera eman zizkidaten: koedizioa eta crowfounding-a.
Crowfounding aukerak beldurra sortzen zidan jendeari dirua eskatzea zela pentsatzen nuelako. Argitaletxean nire lanak zabalpen handiagoa izango zuela esan zidaten eta, azkenean, baiezkoa eman nuen.
Dirua lortzea erraza izan zen?
Bai, hogei eguneko epean di-da batean lortu genuen. Crowfounding bidez eginda, irakurleei liburua aurretik erostea eskatzen zaie. Dirua ipini zutenak dagoeneko jaso dute liburua. Batzuek 18 euro eta beste batzuek 30 euro jarri dituzte eta liburuan haien izena agertzen da nire esker onarekin batera.
Zer da ‘El pintor de sonrisas’ eleberrian kontatu duzuna?
Adiskidetasunari, leialtasunari, konpromisoari eta borrokari buruzko istorio bat da, non maitasunak eta intrigak tokia duten.
1936ko gerraren eta ondorengoaren garaian kokatu dut. Gazte baten bizitza kontatzen da, askatasunarekin oso konprometitua dagoen gaztea da. Injustizia zabaltzen ikusiko du eta bere bizitza arriskuan egongo da. Espazioari dagokionez, Espainia hegoaldeko herri batean, Pirinioetan, Portugalen eta Hego Amerikan kokatu dut.
Pertsonaia nagusia margolaria da, hortik titulua.
Bai, oso sentibera da. Zaila da liburu bat idazten duzunean aseptikoa izatea eta eleberrian, nolabait, nire sentipenek eta sinismenek ihes egin didate. Nire bi anaiek koadroak margotzen dituzte eta, umea nintzela, neguko arratsaldeetan sutondoan mihiseak astoan jarri, eta olio- margoekin margotzen zuten. Margo usainarekin akordatzen naiz. Agian, horregatik da pertsonaia nagusia margolaria. Niretzat usainak eta irribarreak oso garrantzitsuak dira.
Zein da kontakizunaren ernamuina?
Haurra nintzela, gure aita ez genuen ia astean zehar ikusten eta igande goizak sakratuak ziren. Esnatu eta ziztuan haren ohera joaten ginen. Aitak, orduan, gehien gustatzen zitzaiona egiten zuen: guri istorioak kontatu.
Gehienetan 1936ko gerrari eta ondorenari buruzko istorioak kontatzen zizkigun. Haietako bat idazten hasi nintzenean sortu zen eleberri hau; istorio laburra zen, baina nobela ekarri zidan.
Zein esango zenuke dela zure idazkeraren estiloa?
Pertsonaien sentipenak deskribatzea gustatzen zait, maitasunez idazten dudala nabari dela esango nuke, pertsonaiei izaera bat eman nahi diet eta magia munduan murgildu. Tokiak deskribatu, eta niretik ere jartzen dut nire idazkeran. Izan ere, liburu bat magikoa da dena imajinatu behar baitu irakurleak.
Zein da prozesuan topatzen duzun zailtasunik handiena?
Behin materiala dudanean, kapituluak banatu eta kontakizunaren tramari eustea irakurleak irakurtzen jarraitzeko gogoa izan dezan.
Zer duzu orain esku artean?
Gaztelaniazko beste bi eleberri idatzita ditut. Bata, ama-alaba baten istorioa, non amak tratu txarrak jasan dituen. Bestea migrazioari buruzko eleberria da, ezin dut ulertu immigranteekin dugun jarrera, ezin dugu ahaztu euskaldun asko hala ibili direla.
Eta euskaraz?
Ganbarako etxea nik itzuli nuen eta euskaraz ere badago. Alabaina, jatorriz euskaraz idatzi dut eleberri bat jada eta beste batekin ari naiz lanean.
Zuretzat zer da idaztea?
Niretzat idaztea terapeutikoa da. Beti nago gerora begira eta idaztean terapia egiten dut. Gero, behin lana eginda, nire helburua besteekin partekatzea da, egindakoa entregatzea.
Ganbarako etxea eleberriarekin irakurleen hitzak jaso nituen eta gustura hartu ere.
Non eskuratu ahal da liburua?
Gaurko aurkezpenean, Legazpiko Apatxo zein Hizkuntza liburu dendetan eta Turarte estudioan. Internetez ere lor daiteke.