Danbor hotsekin datoz Ormaiztegiko festak

Gaur iluntzean altxatuko dute ikurriña eta Ander Deunaren jaiak hasiko dira nahiz eta aurretik ere Ormaiztegi festa giroan ibili den. Martin Callejo gogoratuko dute igandean

Ormaiztegiko_danborrada

Ormaiztegiko Ander Deunaren jaiak bi ataletan ospatu ohi dira. Santuaren egunaren aurreko asteburuan udalerria festaz dotore jantzi eta gai giroa zabaltzen da. Gaur, Ander Deunaren bezperan, bigarren txanpari ekingo diote; festa ofizialei. Umeak izango dira kaleetara ateratzen lehenak; kalejira eta Muxika egurastokian merienda izango dira. Iluntzean ikurriña altxatu, txupinazoa eta esan ezinezko sorpresa bat iragarri dute. Izaskun Unzurrunzaga kultura zinegotziak hitz batzuk esango ditu, labur, eta jaiei hasiera emango diete. Gero, afal aurrean, danborrarien hotsek jaiak hasi direla agerian utziko dute.

Pedro Jaka da helduen danborradaren antolaketa lanetan ibiltzen den ormaiztegiarretako bat. Orain bi urtera arte danborrada afalostean egiten zutela gogoratu du, «23:30ean irteten ginen, baina hotza dela eta ez dela jende gutxi egoten zen kalean. Duela bi urte 20:00etan ateratzea erabaki genuen eta ez zaigu damutu. Herritarrak poteoan ibiltzen dira eta gustura hartzen gaituzte».

Gehienak emakumeak

Jakak Ormaiztegikoa danborrada «xume-xumea» dela dio, «orain hamar bat urtera arte galduta egon zen, aurretik Ormaiztegin danbor hotsek tradizioa izan duten arren». Berreskuratu zuten eta gaur iluntzean 50 lagun inguru aterako dira makilak eskuetan danborrak astintzera. Jakak azpimarra egin dio danborrari kopuruan emakumezkoek duten tokiari, «hasiera-hasieratik gehienak emakumezkoak izan dira, eta eskerrak hala dela, gainera». Azken urteotan danborrari ateratzen direnak pertsona berak direla ere zehaztu du, «sakelakoaren bitartez komunikatzen gara eta kartelak ere ipintzen ditugu».

Atzo iluntzean egin zuten azken entsegua. Ormaiztegikoa danborrada «xumea» dela errepikatu du, «sukaldariak zuriz jantzita ateratzen dira eta danborrariak harakinen moduko jantziekin. Gurea soila eta sinplea da».

Ormaiztegiko_danborrada-1Danborradan parte hartzen dutenentzat egun garrantzitsua da gaurkoa, «parranda pixka bat egiten dugu eta biharko egunez, Ander deunaren egunean, meza, aizkolariak eta hamaiketakoa ez ditugu galtzen».

Jakak zerrendatuez gain, bihar haurrei zuzendutako ekintzak eta gauean gazteek antolatutako kontzertuak izango dira; kontzertuok Murua, Txistu eta Zipotz tabernen laguntzarekin prestatu dituzte.

Etzi Mozorro Eguna da eta Ormaiztegi eraldatu egingo da, nork bere mozorroarekin eraldatuko du hain zuzen.

Eguerdian, Ez beti da ez lelopean photocall-a egingo dute eliz atarian eta herritarrek emakumeenganako indarkeriari arbuioa erakusteko aukera izango dute.

Mozorrotuen bazkaria izango da eguerdian eta iluntzean kuadrillen jaitsiera egingo dute Deiadar txarangaren doinuek lagunduta. Mozorro onenen sari banaketa plazan izango da, 20:00etan.

Martin Callejo gogoan

Igandea Odolki Eguna da. Lehiaketa egingo dute, aurten 32.a, eta 21. urtez odolki osagaien azoka eta lehiaketa ere izango dira. Halaber, Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren 17. sukaldaritza lehiaketa izango da.

Pablo Muruaren senideek jasoko dute aurtengo Urrezko Odolkia. Iaz eman zuten lehenengoa, hain justu, Juan Jose Lapitzen alargunari. Izan ere, Lapitzek lotura estua izan zuen Ormaiztegiko Odolki Egunarekin, epaimahaikidea izan zen luzaroan eta haren senideek jaso zuten lehenengo Urrezko Odolkia. Aurten, Pablo Muruaren semeek jasoko dute. Murua Ormaiztegiko lehenengo odolki egilea izan zen eta hark egindako urratsak gogoan, udalak aitortza egin nahi dio.

Martin Callejo zenari egingo dioten omenaldiak, berriz, bihotz ugari uzkurtuko ditu igandean. Callejo urtarrilean joan zen, gazte-gazte joan ere. Izaskun Unzurrunzaga kultura zinegotziak hunkituta hitz egin du Callejori buruz, «Beasaindik etorri zen Ormaiztegira eta etorri zenetik gogotsu parte hartu zuen herriko ekintzetan. Jaietan ere parte hartzen zuen, bereziki Ardo Dastaketan. Ezin ahaztu ditut goizean bere furgonetarekin trasteen bila joaten ginenekoak». Omenaldia egin nahi zioten, «haren familiarentzat, zenbateraino estimatzen genuen badakiten arren, hark utzitakoaren arrastoa geratu dadila nahi dugu». Horregatik, aurrerantzean Ardo Dastaketak bere izena izango du. «Guretzat hain inportantea izan da Callejo, gurekin egongo dela betiko», dio Unzurrunzagak.

Gaur irekiko du Heliodoro Etxeberriak Iriarte Goena etxean urtero antolatzen duen argazki zaharren erakusketa eta irudiok ikusgai egongo dira abenduaren 2ra arte. Argazkietan Goierri barruko eta kanpoko hainbat herritako irudiak ikusteko aukera egongo da. Zumalakarregi museoan Txapela… noiztik? erakusketa ikusteko azken egunak dira; egunotan, gainera, sarrera doan da.

Aurtengo Ander deunaren jaien aurrekontua 47.244 eurokoa izan da. Festak «ondo joan daitezela» opa die kultura zinegotziak ormaiztegiar guztiei.

ormaiztegiko festak

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend