Euskaraldian eta astero, euskaraz ari dira gehienak
Arrazoi ezberdinek jende asko erakarri dute azokara, odolki lehiaketak, euskararen erabilpen neurketak eta ohiko erosketak. Larsabik arkume kanpaina martxan jarri du.A rkumeak jaiotzen hasi ahala salmenta kontuak ere aipagai ditugu. Latxa arkumea hazi...
Arrazoi ezberdinek jende asko erakarri dute azokara, odolki lehiaketak, euskararen erabilpen neurketak eta ohiko erosketak. Larsabik arkume kanpaina martxan jarri du.
A rkumeak jaiotzen hasi ahala salmenta kontuak ere aipagai ditugu. Latxa arkumea hazi, ekoitzi eta saltzen duten artzainen Larsabi elkarteak martxan jarri du Gabonetako kanpaina. Arkume salmentarentzat urteko garai oparoena da, eta arkumea merkaturatzeko baldintza ekonomiko eta beste ahalik eta onenak lotzeko helburuarekin hainbat artzain elkartu eta aurreikusten dituzten arkumeak enkantera atera ohi dituzte. Aurrerantz, kanpainak iraun artean, astero-astero adostutako prezioaren berri emango dugu. Aste honetako prezioa 4 euro gehi BEZ-a da kiloko, bizirik pisatuak.Gabonetako marka
Lehen pazko lore edo poinsetiak ekartzen hasi dira lore saltzaileak. 8-8,5 €euroan da bakoitza salgai. Zainketa eta baldintza oso jakinak behar dituen lorea da, hezetasun, argitasun eta hotz-bero neurriak ondo errespetatu ezean oso iraupen laburrekoa baita. Beraz, Gabonak arte bizirik eta sasoi betean nahi izanez gero, beranduxeago erostea aholkatzen dute lorezainek beraiek ere. Momentuz, hosto gorri bizikoak nagusi dira; gero arrosa edota horixkak ere izango dira aukeran.
Odolkia nola egin erakutsiz
Azaroaren bukaerako feriarekin bat egin ohi du odolki lehiaketak. Udaletxe azpiko arkupean atzo izan zen. Eta momentu berean plaza barnean Ordiziako Azokaren 12 produktu 12 hilabete ekimenaren baitan, odolkiaren ekoizpen prozesua ikusteko aukera izan zen. Urtero bezala Juanita Murgiondo eta Juanita Aranburu mutiloarrek betitik egin duten moduan erakutsi zuten Ordizian bertan, goizean goizetik tipula erregosi usain goxoa zeriola.
Feria ere Euskaraldian
Ez zen Ahobizi eta Belarriprest txapa askorik ikusten, hala ere garrantzizkoena hor da: euskara asko entzuten da ferian. Asterokoen artean galdezka ibili, eta euskara dela hizkuntza erabiliena baieztatzen dute. Hala esan digute ere aurrez prestatutako galdeketa egiteko propio etorritako Oianguren Institutuko ikasleeek: Ane, Maren, Julen… «Bost taldetan banatu eta euskararen erabilpenari buruzko datuak biltzen ari gara, ondoren Jakintza ikastolakoek lanari jarraipena emango diote». Oso itxaropentsu sumatu dugu jendea ekimen honek lor dezakeenaz.