Kolore eta gustu guztietarako

Jose Manuel Olano harakin beasaindarrak irabazi du San Andres jaietako Odolki Eguneko lehiaketa. Asteburu betea izan dute Ormaiztegin, mozorro egun eta guzti

Kolore eta gustu guztiak kantatzen zuen jai giroko abesti ezagun batek, eta Ormaiztegiko jaietan ere, denak gustura uzteko moduko ekitaldiak izan dira asteburuan. Tantaren bat edo beste bota badu ere, aurten eguraldiaren kexu handirik ez da entzun, beste urte batzuetako eguratsik ez baita izan.

Larunbatean mozorroen eguna izan zuten, eta mota guztietako jantziak ikus zitezkeen herriko kaleetan. Pailazoak, sevilarrak, rockeroak, partxiseko fitxak edota Bizarzuri, bere orein eta guzti. Eguerdian hasita, parranda giroa izan zen nagusi egun osoan.

Olano, txapeldun

Aurten denak irabazi behar ditu. Irailean Goierriko txapelketa irabazi zuen, Ordiziako Euskal Jaietan. Azaroan, Beasaingo lehiaketa. Eta pasa den astean, Gipuzkoako Odolki Txapelketa, hura ere Ordizian. Urtea bukatzerako beste titulu bat gehitu dio Jose Manuel Olano harakinak bere palmaresari, Ormaiztegiko Lehiaketa ere irabazi baitu. Berea izan zen, epaimahaikoen gusturako, aurkeztutako odolkirik onena. Bigarren Jesus Mari Garmendiak egin du, eta hirugarren, Ander Muruak. Odolkiena ez ezik, odolkia osagai duten plateren lehiaketa ere egin zuten igandean Ormaiztegin; Edurne Mendizabalek irabazi du aurten.

Odolki Egunarekin batera egiten duten ferian ere, hainbat sari partitu zituzten. Posturik eta porrurik onenen sariak Maria Jesus Oriak lortu ditu. Oregano eta perrexil lehiaketako irabazlea, berriz, Juanita Murgiondo izan da. Aurkezpenik onenaren saria Haizea Diezek lortu du. Eta 12-16 urte bitarteko Juan Jose Lapitz sari berezia, azkenik, Araitz Cuadradorentzat izan da.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend