Plastikoa murrizteko 2.000 poltsa berrerabilgarri jarriko dituzte eskura Ordizian

Ordizian elkarteak 'Plastikoa murriztu, herriko dendak piztu!' kanpaina jarri du martxan, erakundeen laguntzarekin. Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira poltsak herriko dendetan

Poltsa_berrerabilgarriak

Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak, Ordiziako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza eta babesarekin, Plastikoa murriztu, herriko dendak piztu! lema duen poltsa ekologiko berrerabilgarria aurkeztu du aste honetan eta oraingoan, 2000 poltsa jarriko dituzte herritarren eskura. Poltsak abenduaren 5tik aurrera herriko zenbait saltokietan eta Ordizian merkataritza bulegoan eskuragai egongo dira.

Kanpaina honen bitartez, plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herriko merkataritzan kontsumoa piztea da helburu nagusia.

Dagoen legeari erantzuna
2018ko uztailaren 1etik plastikozko poltsak dohainik ematea debekatzen duen eta hauen erabilera murrizteko helburuarekin merkatariei hauek kobratzera behartzen dituen araudi berriaren aurrean, dendari eta bezeroen eskuetan poltsa ekologiko berrerabilgarriak jarriz egoera berri honi erantzuna emateko erabakia hartu du Ordizianek.

Gainera, gai honekin sentsibilizatuta egonik eta plastikozko hondakinekin dagoen arazoaz kontziente izanik, aurrera pauso berri bat eman nahi izan du mezu zuzen bat bidaliz plastikozko hondakinak murrizteko eta, gabonak gertu daudenez, ingurumenarekiko kaltea gutxiagotzen duen herriko merkataritzako kontsumoa pizteko aitzakia ere bada.

Ordizian elkarteak 2010ean poltsa ekologiko tolesgarria kaleratu zuen eta orduan izandako arrakasta eta jasotako harrera ona ikusita, Ordiziako azokaren 500. urteurrenaren ospakizunarekin batera, 2012an kanpaina errepikatu zuten.
Poltsa urdin honek testu zurian Ordizia bizi, Ordizian erosi jasotzen du. Horrez gain, aurretik aipatutako kanpaina honetako lema ere badauka.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend