Legazpiarrek aukeratutako sei proiektuak gauzatuko ditu udalak datorren urtean

Legazpiko Udalak hamahiru proiektu aukeran eman dizkie herritarrei aurrekontu parte hartzaileen barruan. Boto gehien jaso ditu Domingo Agirreko haur parkea berritzeko proiektuak

Itxaropen_auzoko_eskailera

Abenduko osoko bilkurara eramango dituzte datorren urteari dagozkion Legazpiko udal aurrekontuak. Aurrekontu horien barruan legazpiarrek aukeratutako sei proiektu finantzatzeko diru sail bat egongo da, hain zuzen, 300.000 eurokoa; 50.000 euro proiektuko. Prozesuaren hasieran legazpiarrek proiektuak aurkezteko aukera izan zuten. Udal teknikariek proiektuek beharrezko baldintzak betetzen zituzten edo ez aztertu eta gero, hamahiru proiekturen artean sei hautatu behar izan dituzte. Datorren urteko aurrekontuekin gauzatuko diren sei proiektuen aukeraketan 630 legazpiarrek parte hartu dute; iaz baino nabarmen gutxiago izan dira.

«2019ko aurrekontuei oniritzia eman arte ezin da proiektu bakoitza noiz eta nola burutuko den planifikatu», esan du Koldobike Olabide alkateak. Edonola ere, legazpiarrek gehien bozkatu duten proiektua Domingo Agirre eskolako haur parkearen berritze lanak dira (281 boto). Aizkorri kaletik eta botikatik Itxaropen auzora doan eskaileraren konponketa lanak bilduko dituen proiektua izan da bigarren bozkatuena (277 boto). Boto gehien jaso dituen hirugarren proiektua da Bikuña kiroldegiko bi zenbakia duen soinketa gelan klimatizazio eta kanpoko aireztapen sistema ipintzea eta igerilekurako sarbidea hobetzeko proiektua (276 boto). Bikuña futbol zelaiko aldagela zaharrak berritzeko proiektua boto kopuruan aurrekoetatik hurbilen egon den proiektua izan da (254 boto).

Bosgarren eta seigarren tokian dauden proiektuek aurrekoek baino askoz boto gutxiago jaso dituzte, baina udalak burutuko dituen seikoan sartu dira. Latxartegi parkeko erdigunean dagoen etxola berrituko dute eta Haztegi ikastolatik gertu dauden zutoinak kenduko dituzte (140 boto). Seigarren tokian Arantzazuko haurreskolako haur parkearen berrikuntza lanak jasotzen dituen proiektua dago (117 boto).

Aurrekontuetatik kanpo

Kanpoan geratu diren proiektuak zazpi izan dira. Itxaropen auzoko 14. ataritik 17.era dauden eskaileren konponketa (113 boto) ez dute aurrekontu parte hartzaileen diru sailarekin finantzatuko. Domingo Agirre eskolako igogailutik Laubide auzoko 18. atariraino ez dute biderik egingo (110 boto). Mirandaola parkeko mahaiak ez dituzte berrituko (99 boto).

Latxartegi parkean ez dituzte berez garbitzen diren komunak jarriko (89 boto). Udal kiroldegian eguzki panel fotoboltaikorik ez dute ipiniko (54 boto). Euskal Herria plaza konpontzeko lehenengo faseari ez diote aurre- kontuen sail horren bitartez helduko (24 boto). Azkenik, San Juan kaleko 11. ataritik 13.era dagoen espaloian ez dituzte konponketa lanik egingo (16 boto).

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend