Kiroldegia birmoldatzeko bi faseri helduko diete Lazkaon
Udalak 7,7 milioiko aurrekontua izango du 2019an. EAJk alde eta EH Bilduk aurka bozkatu dute. Igerileku estaliaren aldea berritzeko 4,2 milioi bideratu dituzteLazkaoko Udalbatzak azaroaren 27ko osoko bilkuran onartu zuen 2019rako udal aurrekontua. Dene...
Udalak 7,7 milioiko aurrekontua izango du 2019an. EAJk alde eta EH Bilduk aurka bozkatu dute. Igerileku estaliaren aldea berritzeko 4,2 milioi bideratu dituzte
Lazkaoko Udalbatzak azaroaren 27ko osoko bilkuran onartu zuen 2019rako udal aurrekontua. Denera 7.679.842 euro izango ditu udalak. Inbertsioetarako 1,3 milioi bereizi dituzte. Baina obra handi bati bidea emateko diru-funtsa ere bideratu dute: Barandiaran Kiroldegia berritzeko hurrengo bi faseetarako 4,2 milioi onartu dituzte. Eztabaidatsua izan zen udalbatzarra. Desadostasunak izan zituzten bi udal taldeek hainbat gaitan. Kreditu aldaketa, 2019ko aurrekontua, lantalde organikoa eta Aralarko ordezkariaren babes mozioa EAJren aldeko botoekin (7) onartu ziren; EH Bilduk aurka bozkatu zuen horietan (5, zinegotzi bat falta zen). Kiroldegiko hurrengo bi faseak barruko igerilekua eta aldagelak eraikitzea izango da; 18-20 hil beharko dira. 675.000 eta 3.440.000 euroko bi kreditu aldaketa onartuta hornitu du udalak obra hori. EH Bilduk «aurtengo 7. kreditu aldaketa» dela kritikatu du. Proiektuarekin ados etorri arren, «hainbeste diru» hala bideratzea ez du «bidezko» ikusi, eta «gogoeta» eskatu du. Ogasun batzordeburuak argitu du Iturrialdeko garapenagatik udalak izan duen diru sarrerari kreditu aldaketa eta gehikuntza bidez dagoela «legez» sarbidea eman beharra. Eztabaida luzea eragin du gai estrategikoen erabakiak nola hartu behar diren. Kaleak eta azpiegiturak Aurrekontuak aurkezteko unean, alkateak inbertsio nagusiak zerrendatu zituen. Kale berrikuntzarako, azpiegituretarako eta ekipamenduetarako izango dira jarduera gehienak 2019an. Tartean, Gurutze auzoan lurpeko garajeen eta gainazalaren urbanizazioari jarraipena ematea aurreikusi du, «2020an pauso bat gehiago emateko». Aurten hasi da Gurutze 1-2 dorreen artean lehen fasea. «Oraingoa egindakoan», bigarren fasea prestatzeko 150.000 euro bereizi dira (denera 875.000 kostako da). EH Bilduk kontuen aurka bozkatu du, «aurrekontuak fikzio bihurtu» direla eta «gehiengoa erabilita» gero «nahi erara moldatzen» direla leporatuta. Aurrekontuak «errekurtsoen» arabera onartzen direla, baina exekutatu ahala aukera berriak etortzen direla erantzun du EAJk: «Aurreikusi baino diru sarrera gehiago daude, eta urtean zehar aldaketak egitea eskatzen du horrek. Kudeatzeko modu egokiena hori da». Lantalde organikoaren eta lanpostu zerrendaren gaiak ere ez du adostasunik izan. Kiroldegiko harrerako lanpostua amortizatu egin du udalak. Udal langile batek betetzen zuen postua, jubilatu zen arte. Orain, zerbitzua ematen duen enpresak funtzio hori hartzekotan utzi da. EH Bilduk kritika egin dio: «Egiturazkoa izan litekeen lanpostu bat kentzen da, azterketa egin aurretik. Lanpostu publikoak sortu ordez, zeharkako enpresek betetzea norabide txarra da». Alkateak erantzun dio Lazkaoko Udala «adibidea» dela administrazioko langileriaren ikuspegitik. «Administrazioa ez da helburua, zerbitzuak emateko tresna baizik. Lanpostu bat funtzionarizatzen bada, ez da urte bakarrerako dirua ixten ari, hamar urterako baizik. «Azterketa egin ondoren» berrikusiko da funtzionarizazioa. 2006an berrikusi zen, orain hurrena. Urteko azkeneko ohiko bilkura abenduaren 18an izango da.INBERTSIO HANDIENAK 2019ko aurrekontua Kale berritzeak. Hirigoien-Zubizkitza 220.000; futbol zelaiko aparkalekua 30.000; plazako frontoira jarraipena 60.000, Mikelar 4-5ean 96.000, Iturgaitzaga 185.000 eta Larreategi 80.000 (udal partea). Parkeak. Haur parkeak (bat estaltzeko aukera) 150.000; Lartxai aurreko parkea 25.000; San Joseko berdeguneak 15.000. Kiroldegia. Giharre makinak 40.000; giharre gela handitu eta kantxako teilatua 85.000; ezker pareta mugigarriaren diseinua 10.000; goiko igerilekua 20.000. Zerbitzuak. Kultur etxea egokitu 35.000; udaletxean bilera gelak 40.000; Orobionen ile-apaindegia 10.000; Beneditar artxiboa 15.000. Argiteria. Led argiak 50.000; landa eremuko argiak 20.000. Gurutze. Garaje urbanizazio berrien hurrengo fasea 150.000. Gizartea. Etxe alokairuko gazte laguntzak 20.000; elkarteei ekitaldietarako 50.000; kirol jardueretarako 36.000.