Zumarragako altxorra, ura
Ura bizitzeko ezinbestekoa da eta, beraz, zaindu beharreko altxorra. Zumarragarrek ondo barneratua dute hori: bizilagunek oso ur gutxi kontsumitzen dute eta ur hornidura sarean %5 bakarrik galtzen daBarrendiolako urtegia egin zuten arte Zumarragan ur h...
Ura bizitzeko ezinbestekoa da eta, beraz, zaindu beharreko altxorra. Zumarragarrek ondo barneratua dute hori: bizilagunek oso ur gutxi kontsumitzen dute eta ur hornidura sarean %5 bakarrik galtzen da
Barrendiolako urtegia egin zuten arte Zumarragan ur hornidura arazoak izan zituzten eta horrek arrastoa utzi duela dirudi. Izan ere, Zumarraga ur gutxien kontsumitu eta galtzen duten herrien artean dago.Jon Koldo Izagirre Aquarbe enpresako arduradunak, Saioa Jauregi Zumarragako bulegoko arduradunak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa eman zuten asteartean ur kontsumo datuen berri emateko eta ur horniduraz arduratzen den Aquarbe enpresak paperezko faktura egiteari utzi nahi diela ezagutzera emateko.
Mikel Serranok Zumarraga urari dagokionez eredugarria dela esan zuen. Izan ere, errendimendua ia %95ekoa da. Hau da, ur hornidura sarean uraren %5 bakarrik galtzen da, udalak egin dituen inbertsioei esker. «Hemendik kanpo %75era heltzea ontzat ematen da», esan zuen alkateak.
Zumarragako ia etxe guztietan (%98) ur ihesen berri ematen duten kontagailuak jarri dituzte. Legeak kontagailuen adina 12 urtera mugatu behar du, baina horrek Zumarragan ez du eraginik izango. Izan ere, kontagailuen batez besteko adina 4 urtekoa da.
Gainera, zumarragarrek oso ur gutxi kontsumitzen dute. Herritar bakoitzak 92 litro kontsumitzen ditu egunean. Gipuzkoako batez bestekoa 106 litrokoa da, Euskadikoa 116 litrokoa eta Estatuko espainiarrekoa 139koa.
Enpresak
Enpresek ere geroz eta ur gutxiago kontsumitzen dute, lan moldeak aldatu dituztelako. Arcelor Mittalek ur asko kontsumitzen zuen, baina enpresa hori itxi egin zen. Aquarberentzat diru iturri garrantzitsua zen eta udala eta enpresa akordio batera heldu ziren galera horrii erdibana aurrera egiteko. Serranok eskerrak eman zizkion Aquarberi bere malgutasunagatik.
Izagirrek urtero hobekuntzaren bat egiten saiatzen direla eta datorren urteko erronka paperik gabeko faktura dela esan zuen. «Pauso bat gehiago da digitalizazio prozesuan. Herritarrak telefono mugikorraren zenbakia eta helbide elektronikoa ematera animatu nahi ditut. Informazio hori fakturak bidaltzeko eta ur mozketen berri emateko bakarrik erabiliko da».
Paperik gabeko faktura hilaren 15ean jarriko da martxan: egun horretan gutun bat bidaliko zaie bezeroei neurriaren berri emanez. PDF bidez bidaliko dute faktura. Paperean jasotzen jarraitu nahi dutenek, Aquarberen bulegora jo behar dute eskaera luzatzera.
Erraztasunak
Aquarbek faktura ordaintzeko ematen dituen erraztasunez hitz egin zuen Jauregik. «Zailtasunak dituztenek epeka ordaindu dezakete. Bestalde, hilero kuota bat ordaintzeko aukera ematen dugu. Urte osoan kontsumituko dutena kalkulatu eta hamabitan zatitzen dugu. Urte amaieran doiketa egiten dugu. Horretaz gain, bezeroak ordainketa eguna aukera dezake. Gurekin harremanetan jarri diren bezeroei gure zerbitzua puntuatzeko eskatu diegu eta 8,04ko nota jarri digute».
Bukatzeko, Izagirrek iruzur saiakerez hitz egin zuen. «Berriro ere iruzurgile batzuk etxerik etxe joaten ari dira. Uraren kalitatea hobetzeko gailu bat eskaintzen dute. Iruzur hutsa da. Zumarragako uraren kalitatea ezin hobea da eta ura garbitzeko gailu horiek kaltegarriak dira. Iruzurgileen bisita jasotzen badute, guri horren berri emateko eskatu nahi diet bizilagunei».