Aldageletako armairuak irekitzeko sistema berria jarri du udalak Antzizarren

Bazkide txartelarekin kiroldegira sartu, eta armairuak ireki eta itxi daitezke. Berritasun nagusia eskumuturreko elektronikoa da. Bata zein bestea aktibatzeko harrerara jo behar da

Antzizar kiroldegira sartzeko, eta aldageletako armairuak ireki eta ixteko sistema elektroniko berri eta bateratua jarri du martxan Beasaingo Udalak. Bazkide txartelaren bidez eta eskumuturreko elektronikoaren bidez egin daitezke bi eginkizunak. Azken hori da aldaketa honen berritasuna nagusia. Txartela ala eskumuturrekoa erabili, bata zein bestea aktibatzeko harrerara jo behar dute erabiltzaileek.

Armairu batzuetan giltzarrapoa eta giltza erabiltzeko aukera mantendu badute ere, gehienetan sistema berriaren alde egin du udalak. Silikonazko eskumuturrekoa euro batean eskura daiteke harreran, eta txartelaren funtzio berberak ditu. Eskumuturrekoaren sistema «erosoa eta eramangarria» da, eta kiroldegira sartzeko ere balio du.

Funtzionamendu erraza

Udalak aurreratu duenez, aldageletako sarraila elektronikoa erabiltzea «erraza» da. Behin txartela edo eskumuturrekoa aktibatuta, armairua aukeratu eta bertan gorde gorde beharrekoak. Ixteko, botoia sakatu eta txartela edo eskumuturrekoa botoira gerturatu behar da. Zabaltzeko gauza bera egin beharra dago. Armairuaren zenbakia ahaztuz gero, harrerako informazio terminalean dagoen irakurgailutik pasa behar da txartela edo eskumuturrekoa, eta armairuaren zenbakia azalduko da.

Udal gobernuak nabarmendu du kirol arloan duen helburu nagusietako bat kirol instalazioen eta eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzea dela, beti ere erabiltzaileen erosotasunean pentsatuta.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend