«Herrira zortea ekartzea eta poza banatzea sentipen oso polita da»
Hamar urterako hilabetero 2.000 euroko 'soldatatzarra' saritzat zuen txartela saldu zuen Roberto Freijekk urrian Ordizian. Haren egunerokoa nolakoa izaten den kontatu du.Hamar urtean hilabetero 2.000 euroko soldatatzarra banatu zuen Roberto Freije Once...
Hamar urterako hilabetero 2.000 euroko ‘soldatatzarra’ saritzat zuen txartela saldu zuen Roberto Freijekk urrian Ordizian. Haren egunerokoa nolakoa izaten den kontatu du.
Hamar urtean hilabetero 2.000 euroko soldatatzarra banatu zuen Roberto Freije Once-ko saltzaile beasaindarrak pasa den urriaren 21ean Ordizian. Zumarraga eta Urretxu inguruan lanean urte batzuk eman ditu, baina orain hilabete batzuk Ordiziarabidali zuten. Denbora gutxi horretan sari potolo hori banatuta ilusioz beterik dago. Une berezi hau aprobetxatuz, kaleko loteria saltzaile baten egunerokoa nolakoa izaten den kontatu du.Txartel sariduna zuk saldu zenuela jakin zenuenean nola jaso zenuen albistea?
Mezu bat jaso nuen ITV aparatuaren bidez, zozketaren egun berean, gaueko 22:00etan eta ordu erdi beranduago konfirmatu zidaten saria nik eman nuela.
Une horretan zer sentitu zenuen?
Poz handia! Sariak ematea ez da erraza, horregatik, herrira zortea ekartzea eta poza banatzea sentipen oso polita da. Jende askok ia egunero erosten ditu kupoiak. Meritu handia dute. Bestalde, tokatuko den esperantza galtzen dutenak ere badaude eta erosteari uzten diotenik ere badago. Baina begira, noizean behin, saria iristen da.
Sari potoloa gainera.
Bai, 10 urterako, hilabetero 2.000 euroko soldata eta beste sari txikiago batzuk. Hurrengo urteetan lasaixeago bizitzeko adinako saria da.
Banatzen duzun lehenengo saria al da?
Ez, ez! 35.000euroko sari bat eman nuen, orain dela bost bat urte. Eta beste sari txikiago batzuk ere eman ditut Zumarraga eta Urretxun. Ordizian ematen dudan lehenengoa da.
Ba al dakizu nor izan den saria jaso duena?
Ez, ez dakit nor den sariduna. Baina gustatuko litzaidake nor den jakitea.
Zenbat denbora daramazu Ordizian saltzaile lanetan?
Ez da denbora gehiegi, uztailaren hasieratik nabil Ordizian. Enpresak aldaketa eskaini zidan, eta Beasainen bizi naizenez, leku aldaketa positiboa izan da. Familiarekin denbora gehiago pasa dezaket orain.
Hona etorri aurretik, Zumarraga eta Urretxun urte asko pasa nituen. Hango jende askok, albistea jakin zuenean, zoriontzeko deitu zidan. Baten batek bromaren bat edo beste ere egin zidan. ‘Hainbeste urtez Zumarragan eta Urretxun lanean egon eta gero, saria Ordizian banatzea ere!’. Horixe bota zidan aspaldiko bezero batek. Egia esan, betiko erosleak oso pozik daudela sumatu dut, eta ilusio handia egin dit jendea nirekin gogoratzeak eta horrenbeste pozteak.
Nolakoa da zure lanegun bat?
Goizean 09:00etan hasten naiz, 13:30ak edo 14:00ak arte. Eta 17:00etatik 19:00etara aritzen naiz arratsaldeetan. Goizean, Ordiziako Plaza Nagusian dudan postuan egoten naiz. Arratsaldean, berriz, Beasaingo udaletxearen ondoan dagoen kioskoan egoten naiz. Ondoren, Ordiziako Zuhaizti zentrora joateko ohitura dut eta Altamira auzotik ere egin ohi dut bueltatxoa egun batzutan.
Zein da zure erosleen profila?
Adineko jendea da batez ere. Esango nuke gazteak beste joko mota batzuetan aritzen direla gehiago. Kirolarekin lotura duten jokoetan batez ere.
Nolakoa da erosleekin duzun harremana?
Hemen, Ordizian, denbora gutxi daramat oraindik. Dena den, pixkana-pixkana ari naiz jendea ezagutzen. Esan beharra daukat, adiskide handiak egin ditudala lanbide honi esker. Kontutan izan, ia egunero erosten duen jendea dagoela, eta beraz, ia eguneroko tratua dut askorekin. Guztiekin harreman berbera egitea zaila bada ere, bazkariren bat edo beste ere antolatu izan dugu batzuekin.
Horrelako saria banatu izanak eraginik ba al du zure egunerokoan?
Noski! Jende gehiago etorri zait saria eman nuenetik. Salmentek nabarmen egin dute gora.
Zenbat urte daramazu ONCEn lanean eta nolatan hasi zinen?
2007ko maiatzean hasi nintzen.
Jaiotzetik paralisia dut. Gurasoek liskar bat izan zuten eta ama haurdun zegoela, eskaileretan behera bota zuen aitak.
Nire amaginarrebak Onceko kupoiak saltzen zituen, eta haren bidez sartu nintzen. Harrezkero lan honetan aritu izan naiz
Paralisiak zertan eragiten dizu?
Mugikortasun arazoak ditut, baina bizitza normala egiten dut. Bizitzari aurre egiten ongi irakatsi zidan amak, eta aurrera jarraitzeko indarrak eta animoak eman dizkit beti. Gainera, sari potolo hau banatuta, ilusio handiarekin heltzen diot egunerokoari.