Txorizorik ez bada, ona da lukainka
San Nikolas Txikiaren eskea eta ohitura berritu dute Seguran, Zegaman eta Legazpin. Haurrek neguko festetako bat egin dute: kalean errondan ibili dira, abestuz eta gozoki poltsakadak bilduzOfizialki jaieguna izanagatik, atzo goizean jaikitzeko nagirik ...
San Nikolas Txikiaren eskea eta ohitura berritu dute Seguran, Zegaman eta Legazpin. Haurrek neguko festetako bat egin dute: kalean errondan ibili dira, abestuz eta gozoki poltsakadak bilduz
Ofizialki jaieguna izanagatik, atzo goizean jaikitzeko nagirik ez zuten izan Segurako haurrek. San Nikolas Txiki ospatu dute, umeen aspaldiko festa. Beheko kalean elkartu, gotzain txikiari itxaron, eta hark bedeinkapena eman orduko ekin diote errondari, kalean gorantz.Ohiturek mugarritutako ospakizuna da San Nikolasena. Seguran bezala, Zegaman (asteazkenean) eta Legazpin (asteartean) ere ospatu dute. Kristautasunak erantsitako osagai nabarmenak ditu: gotzain txikiz janzten dute haurra (Seguran beti sei urtekoa). Baina sustraiak paganismoan ditu, neguko festetako bat baita. Kantua, eskea eta jateko zerbait biltzea ditu funtsa.
Seguran, atzo, Luar Murgiondo Presa mutikoa izan zen San Nikolas Txikia, eta Malen Murgiondo haren laguntzailea. Eskolan zozketa eginda aukeratu dute. Pottoka txiki baten gainean iritsi da, eliza ondotik (gaur egun ez dute jada elizkizunik egiten, hasieran). Ume saldoa zain du, beheko kale-muturrean. Gurutzearekin Aitaren egin bezain pronto, lehenengo etxe parean ekin diote kantuari haurrek; lepoa luzatuta, gora begira.
Kantuarekikoak laster egiten dituzte, aldiro. Baina aldi askotan abestu behar izan dute. 10:00etan hasi, eta hiru-bat ordu jardun dira, kalean gora eta beste kaletik behera; mojen komentuan bukatu arte. Ohiturak agindu bezala, hori ere.
«Berdin da lukainka»
Errezitatzeko erosoa, antzeko neurriko lau ahapaldiko kantua abesten dute Seguran. 7, 8 edo 9 silabako zortzi esaldi dira: «San Nikolas Txikia, / gure ganbaran hazia. / Gure ganbaran zer dago, / haren gona gorria. / Bost eta sei bakailao jale, / bost eta sei hamaika. / Txorixorik ez baldin bada, / berdin dala lukainka».
«Gaurko [atzoko] eguna jai duela 40 urtetik honantz izango da. Gure garaian, eskola izaten genuen. Baina eskolatik irteten ginen San Nikolas eskean ibiltzeko, eta atzera eskolara itzultzen ginen. Sagarrak, pikuak, mandarinak, intxaurrak eta Maria gailetak biltzen genituen. Dirua ere zerbait botatzen ziguten», gogoratu du Aizkoeta tabernako etxekoandreak.
Atzo ere, kontatu ahala, baina txanpon batzuen txintxina entzun zen Segurako kalean. Haurrek, ordea, gozokiak dituzte helburu: poltsa handiak hartuta, ondo prestatuta azaldu dira.
Legazpin eta Zegaman
Legazpiarrek asteartean ospatu zuten. Ibai Agirrek egin du gotzainaren papera, Olazabal institutuko DBH1eko ikaslea bera. Laubidetik hasi zuten kalejira, arratsaldean.
Zegaman, herenegun, Iraitz Izagirre eta Naia Lizarribar jarri zituzten buru. Aitxuri eskolako LHko ikasleak goiz lehenean irten ziren, eta haurrak batu zaizkien. Plazan batera azken kantu-saioa eginez bukatu zuten.