Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi emanaldi egingo dituzte abenduaren 22an, 16:00etan bata eta 18:30ean bestea. Sarrerak salgai daude Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Seguran, Itsasondon, Zaldibian eta Idiazabalen
Urtero egiten duten bisitaren baitan, oraingoan
Musua izeneko ikuskizun berria aurkeztuko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Ordiziako Majori kiroldegian, datorren abenduaren 22an. Kantu, dantza eta istorio berriz osaturiko emanaldia da. Ohi bezala, egun horretan bi saio egingo dituzte eta sarrerak bihartik aurrera egongo dira eskuragarri. Sarrerekin lortutako dirua Seaskarentzat, Iparraldeko ikastolentzat izango da. Aurkezpena atzo arratsaldean egin zuten Ordiziako Barrena kultur etxean eta bertan izan ziren Porrotx pailazoa, antolakuntzako ordezkariak eta baita Urruña eta Ziburuko (Lapurdi) ikastoletako ordezkariak ere.
Ordiziako Jakintza ikastolak, Lazkaoko San Benito ikastolak eta Beasaingo Andramendi ikastolak antolatuta, Euskal Herriko pailazo ezagunenak Goierriko haurrekin «kantatu, dantzatu eta ongi pasatzera» etorriko dira Porrotxek berak prentsaurrean adierazi bezala. Gabonetako oporren bezperan, abenduaren 22an hain zuzen ere, bi emanaldi egingo dituzte; 16:00etan lehena eta 18:30ean bigarrena, larunbatean biak. Zortzi euro balio du sarrerak eta Goierriko hainbat herritan jarriko dituzte salgai bihartik aurrera: Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Seguran, Itsasondon, Zaldibian eta Idiazabalen.
22 urte elkarlanean
Goierriko, Ziburuko eta Urruñako ikastolek elkarlana hasi zutela 22 urte igaro dira jada eta horren adibide garbia da abenduaren 22an egingo den pailazoen emanaldia. Urruñako ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa zerotik hasitako ikastolak dira eta azken urteotan urrats nabarmenak egin dituzten arren, behar handiak dituzte oraindik.
Fredo Ontxalo Urruñako ikastolako ordezkariak esan zuenez, «aurten 4.000 ikasletik gora» izango dituzte, horregatik, «oso pozik» agertu zen, nahiz eta ikasturtean normaltasunez lan egin ahal izateko «arazo asko» izan.
Iurgi Arrizabalaga, Ziburuko kolegioko ordezkaria ere, dituzten beharren inguruan mintzatu zen eta hurrengo inbertsioa «aterpe bat» izango dela jakinarazi zuen.
SARRERAK:
· Ordizian: Bihar eta etzi, Villa Eugenian eta Majori kiroldegian, 17:00etatik 18:30era eta ondoren, agortu arte, Majorin.
· Lazkaon: Gerriko liburudendan.
· Beasainen: Bihar eta etzi, Andramendi ikastolan. Ondoren, Antzizar tabernan.
· Seguran: Elorripe tabernan
· Itsasondon: Kaxintanen.
· Zaldibian: Joxepane tabernan.
· Idiazabalen: Izparren.