Larunbat eta iganderako ekitaldi ugari antolatu dituzte, dohainik, adin guztietako herritarrentzat. Larunbatean Albert Llovera hitzaldia dago; igandean, Erauskingo Igoera
Larunbatean eta igandean, motorra izango da protagonista Beasainen, II. Motor Asteburuari esker. Segurtasuna, heziketa eta ikuskizuna oinarri hartuta, iazko «hainbat ekintza arrakastatsu errepikatu» egingo dituzte eta beste hainbat berrikuntza ere antolatu dituzte. Antolatzaileen esanetan, «asmo nagusiak aurreko urteko berdinak dira: motorraren arlo guztietaz gozatzeaz gain, konzientzia eta segurtasuna lantzea». Horiez gain, badute beste helburu bat: «Herrikideen arteko harremanak sendotzea, iazko belaunaldi ezberdinen arteko kolaborazioa ikusirik». Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldi sorta antolatu dute.
Heziketari dagokionean, larunbatean, Gernika pasealekuko pilotaleku txikian, bide heziketa ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute haurrek, kart elektrikoez baliatuz (11:00-14:30 eta 16:0-18:00). «Errepideetako seinale, zebrabide edota oztopen aurrean ze jarrera eduki eta zein erabaki hartu ikasiko dute». Jolaserako, berriz, Scalextric erraldoia eta motor elektrikoak egongo dira.
Bestalde, ibilgailu klasikoen erakusketarekin ere historia ikasteko aukera izango da. 1930etik hasita, urte desberdinetako hainbat ibilgailu jarriko dituzte; tartean izango dira Zarautzen 1952-1964 urte bitartean Basor tailerrean egindako Derlan markako motorrak. «Liburu eta ibilgailuetako pieza ezberdinak erosteko aukera ere egongo da azoka batean».
Helduen heziketarekin jarraituz, Andorrako Albert Llovera pilotuaren hitzaldia izango da. Llovera «gaur egunean munduko rallycross (RX) gidaria da eta gurpildun aulki batean mugitzen da eskiatzen 18 urterekin izan zuen istripu larri baten ondorioz. Mezu garrantzitsua du Albertek plazaratzeko eta aukera polita da berari entzunez barruak astindu eta kontzientzia asaldatzeko». Bi hitzaldi egingo ditu: ostegunean, itxia, ikasleentzat eta larunbatean, irekia, 19:00etan, Usurbe Antzokian. Doakoa da, baina hitzaldirako sarrera hartu beharko da, ostegunean 20:00etatik aurrera, Usurbe Antzokiko leihatilan. Pertsonako gehienez 2 sarrera eskuratu ahal izango dira.
Segurtasunari dagokionean, Gipuzkoa plaza hainbat ekintzen kokaleku izango da (11:00-14:30 eta 16:00-18:00). Segurtasunez gidatzeko ikastaroa eskainiko dute, zirkuitu itxi batean teoria zein praktika landuz (konoak ekidin, balaztak era ezberdinean erabili, bolantea maneiatzen ikasi…); gidabaimena aurkeztea derrigorrezkoa izango da ikastaroan parte hartu ahal izateko. Bestetik, iraultze simulagailua ere egongo da, istripu batean autoa iraultzerakoan jasandakoaz jabetu eta egoera horretan zer egin ikasteko. Eta istripuen ondorioz sortutako zauriei edo egoerei zein erantzun eman jakiteko, Lehen Sorospen ikastaroa emango du DYAk.
Triala eta Erauskin Igoera
Ikuskizunarekin lotuta, azkenik, larunbatean, Trial ikuskizunean, motorrak baliatuz zirkuitu moduko batean aurkituko dituzten oztopo guztiak gainditzen saiatuko dira pilotuak. Igandean, 10:00etatik aurrera, Erauskingo auto lasterketan Euskal Herriko zein estatu mailako pilotu onentsuenak gidatuko dute. Lau aldiz egin beharko dute 2,5 km inguruko ibilbidea. Lloverarekin batera, Joseba Iraola, Txus Jaio, Gorka Antxustegi, Antonio Aristi, Jon Aranburu, Javier Elortegi eta Iñigo Alustiza ariko dira.
Egitaraua:
Larunbata:
· Gipuzkoa plaza. Segurtasunez gidatzeko ikastaroa, Iraultze simulagailua eta Lehen Sorospenen ikastaroa.
· Gernikako pasesalekua. Kart eleketrikoak, Scalextric erraldoia eta motor elektrikoak. 6-15 urtekoentzat.
· Usurbe Antzokian. 19:00etan, Albert Lloverarenhitzaldia.
· Loinazko San Martin plaza. Goian eta behean, ibilgailu klasikoen erakusketa.
· Bideluze plaza. 20:30ean, Trial ikuskizuna.
· Nafarroa etorbidean. Standak eta rallyko autoak ikusgai.
Igandea
· Erauskin auzoan. V. Erauskin Igoera.
· Loinazko San Martin plaza. Goian eta behean, ibilgailu klasikoen erakusketa, 14:00ak arte.